INFO

Erreferendumaren aldeko herri ekimenaren aurkezpen bira abiatuko du Gure Eskuk

«Etorkizuna erreferendum bidez erabakitzea posible egitea» du jomuga Gure Eskuk eta datozen asteetan hainbat herri eta hiritan aurkezpen bira bat eginen dute «herritarren konplizitatea eta konpromisoa lortzeko asmoz». Era berean, ‘Egizu posible’ lelopean martxan jarritako bazkidetza kanpaina «gakoa izango da» erronka berriei «indartsu» heltzeko.

Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu, Gure Eskuren bozeramaile berriak, Bilboko ekitaldian. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Etapa berria abiatu zuen Gure Eskuk martxoaren 31an Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldian: «Gure etorkizuna erreferendum bidez erabakitzea posible egitea», dute helburu ibilbidearen zati berri honetan. Horretarako, «erronka kolektibo bat» izan asmo duen herri ekimen bat sustatuko du datozen hilabeteetan.

Egitasmoa alde eta molde guztietako eragileekin partekatzen ari da Gure Esku, eta aurkezpen bira bat eginen du datozen asteetan. Herriz herri, «herritarren konplizitatea eta konpromisoa lortzeko asmoz», arituko dira. Aurkezpen horietan parte hartuko dute Gure Eskuren bozeramaile berri Amalur Alvarez eta Josu Etxaburuk.

Bestetik, ohar baten bidez adierazi dutenez, ‘Egizu posible’ lelopean martxan jarritako bazkidetza kanpaina «gakoa izango da» erronka berriei «indartsu» heltzeko.

Hurrengo herriak bisitatuko ditu birak: Barakaldo (maiatzak 13), Donostia (maiatzak 14), Tolosoa (maiatzak 15), Gasteiz (maiatzak 16), Azpeitia (maiatzak 21), Bartzelona (maiatzak 23), Laudio (maiatzak 23), Basauri (maiatzak 28), Irun (maiatzak 29), Agurain (maiatzak 31), Durango (ekainak 5) eta Lizarra (ekainak 6).