INFO

Euskadi Basque Country Eguna ospatuko da ekainaren 19an Bilbon

Euskadi Basque Country Egunaren lehen edizioa egingo da Bilbon, ekainaren 19an, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritzak sustatuta. Euskadi-Basque Country herrialde marka garatzen laguntzen duten erakundeei, eragile ekonomiko, kultural, akademiko edo sozialei eta pertsonei zuzenduta dago.


Jardunaldiaren helburua da «Euskadi marka sustatzea, horren inguruko ahaleginak batzea, eta gure mugetatik kanpo dauden pertsona eta erakundeen esperientzia azpimarragarriak partekatzea», Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak astearte honetan ekimenaren aurkezpenean adierazi duenez.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak inauguratuko du Euskadi Basque Country Eguna, «Abangoardia maite duen antzinako herria» izenburupean, eta 20 parte hartzaile inguru bilduko ditu.

Gustavo Koniszczer branding aditu argentinarrak eta FutureBrand agentziako zuzendariak esparru-hitzaldi bat emango du. Bertan, «Euskadi» markari eta haren ikurrei buruz egindako azterketa zabalaren emaitzak eta markak eraldaketa tresna gisa eskaintzen dituen aukerak jakinaraziko ditu.

Ondoren, hiru mahai inguru izango dira, «Euskadi» markaren pertzepzioa hainbat esparrutik abiatuta aztertzeko. Lehen mahai ingurua, gizarte kohesioari, lankidetzari eta autogobernuari buruzkoa izango da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan elkartasunaren arloan bere mugen barruan zein muga horietatik kanpo egiten duen jardueran eredu propio bat izateak duen eragina aztertuko da bertan.

Mahai inguruaren moderatzailea Olatz Arrieta ETBk Bruselan duen korrespontsala izango da, eta Global Sharpers Bilbao ekimenaren koordinatzaile Estibaliz Arenzana, Fair Saturday ekimenaren bultzatzaile Jordi Alvareda, NBE beken aitzindari Felipe Gonzalez (EHU) eta Deustuko Unibertsitateko irakasle Leyre Arrieta izango dira parte hartzaileak.

Bigarren mahai inguruan ETBko kazetari Vanessa Sanchez arituko da moderatzaile lanetan, eta Euskadi-Basque Country herrialde marka aztertuko da benetakotasunaren, kulturaren eta erakarpenaren ikuspegitik. Eneko Atxa sukaldariak, Nere Lete Boiseko Unibertsitateko itzultzaileak, Miryam Miranda Musika Bulegoko zuzendariak eta Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao museoko zuzendariak parte hartuko dute.

Hirugarren mahai inguruan, berriz, lehiakortasunaren, hezkuntzaren eta talentuaren ikuspegitik aztertuko da Euskadi-Basque Country herrialde marka, eta CAFeko presidente Andres Arizkorreta, DIPCeko zuzendari Ricardo Díez Muiño, BCBLko eta Ikerbasqueko ikertzaile Clara Martín eta Amarenak-eko ekintzaile Ohiane Pardo izango dira parte hartzaileak. El Correo egunkariko kazetari Adolfo Llorente arituko da moderatzaile lanetan.

Halaber, Kirmen Uribe idazleak (New Yorketik) eta Ion Ander Beloki artistak ere parte hartuko dute jardunaldian, eta Marian Elorzak bukatuko du ekitaldia. Elorzak berak aurkezpenean adierazi duenez, "berezko balio berezietan oinarritua dagoen herrialde marka indartsua izatea aktibo izugarria da, kanpoan balio berezia ematen duena".

Euskadi Basque Country Eguna nazioartekotzearen arloko ardatzak eta ildoak zehazten dituen Nazioartekotzeko Esparru Estrategia 2020: Basque Country Estrategiaren barruan aurreikusitako ekintzetako bat da.