Indarrak batu dituzte EH Bilduren EAEko hautagaiek, kanpaina abiatu aurretik
Udal eta foru hauteskundeetarako kanpaina abiatu aurretik, lan bilera egin dute gaur Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetarako eta batzar nagusietarako EH Bilduren hautagaiek. Helburu nagusi bat azpimarratu dute: «Euskal herritarren bizi baldintzak hobetzea eta horretara bideratuta egongo diren kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzea».
Miren Larrion Gasteizko alkategaiak adierazi du EH Bildu prestatua dagoela aurrean daukan erronka politikoari aurre egiteko. «Erronka politiko handia daukagu esku artean; ilusioa sorrarazten digun erronka da eta, gainera, etxeko lanak eginda heltzen gara puntu honetara», adierazi du.
«Lan gogorra egin dugu azken hilabeteetan herritarrei entzuteko, haien premiak ezagutzeko eta jendartean aurkeztuko ditugun proposamenak doitzeko», gehitu du Larrionek. «Prest gaude hauteskunde kanpaina honi aurre egiteko, eta ziur gaude hurrengo egunetan oraindik eta gehiago hurbilduko garela herritarrengana», azpimarratu du.
Gainean ditugun hauteskundeetarako koalizioak lehentasunak zeintzuk diren azaldu du Larrionek. «Gutako bakoitzak gobernatu nahi ditugun instituzioetarako proposamen ezberdinak izan ditzakegun arren, gu guztiok helburu nagusi bat daukagu: euskal herritarren bizi baldintzak hobetzea eta horretara bideratuta egongo diren kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzea, beren bizi proiektuak baldintza duinetan garatu ahal izateko».
EH Bilduk eremu publikotik arlo ekonomikoan eta sozialean «herri aurreratua» eraikitzeko asmoa eta nahia daukala azaldu du. Gaineratu duenez, «giza eta ekonomia baliabide nahikoak ditu herri honek horretarako. Eta EH Bilduk ondo prestatutako pertsonak aurkezten ditu hauteskundeetara, helburu hori gauzatzen joateko. Borondate politiko kontua baino ez da norabide horretan urratsak ematea, eta EH Bilduko hautagaitzetan gauden emakumeak eta gizonak konbentzituta gaude lan eginda eta herri ikuspegi argi batekin arituta aurrera egiteko aukera paregabea daukagula».