INFO

«Inor ez etxerik gabe eta etxerik ez inor gabe» egin dute aldarri Gasteizko kanpaldian

45 lagunek Gasteizko udaletxe aurrean egin zuten lo ostiralean, aldarri argi bat helarazi nahian: «Etxebitza eskubidea oinarrizko beharra izanik, ezin da negozio espekulatibo gisa tratatu eta inolaz ere inor ezin da kalegorrian geratu baliabide sozialen faltagatik».

45 lagun Gasteizko udaletxe aurreko arkupeetan gelditu ziren lotan ostiralean, etxebizitza eskubidea oinarrizko beharra dela erakusteko asmoz. (Ongi Etorri Errefuxiatuak)

Gasteizko Plaza Berrian kanpaldia antolatu zuten elkarteek oso positiboki baloratu dute ekimena. 180-200 pertsona elkartu ziren ostiralean batzar informatibo irekian. Eta horietako 45 udaletxe aurreko arkupeetan gelditu ziren lotan. «Inor ez etxerik gabe eta etxerik ez inor gabe», aldarrikatu zuten.

Etxebizitzaren arazoaren inguruko eztabaida aspaldian Gasteizko kalera atera gabea zela eta erakundeek egoera hobetzeko erreformarik egiteko asmorik erakusten ez zutela ikusirik, protesta deitu, eta 25 elkarteren babesa jaso zuten (atxikimenduak jasotzen jarraitzen dute oraindik). Azaldu dutenez, kanpaldiaren arrakasta «gogoz eta gaiak behar duen seriotasunez sarean lan egiteko» erabiliko dute. Maiatzaren 20rako lan-batzarra deitu dute.

Manifestu bat kaleratu dute, mugimendu sozial eta eragile ugarik sinatua, arabarrak eta bereziki gasteiztarrak etxegabeen arazoaz ohartarazteko. Hala dio testuak: «Gure lurraldean, kalean lo egitera behartuta dauden pertsona asko daude, etxebizitzarik ez dutelako edo lo egiteko eta bizitza duina aurrera eraman ahal izateko beharrezkoa den babeslekurik ez dutelako. Pertsona hauek, Gasteizen errotuak direnak, Estatutik eta munduko puntu desberdinetatik etorri direnak, zein zaurgarritasunean eta gizarte-bazterkerian bizi direnak, ez dira jasotzen ari behar duten arreta zerbitzu sozialen aldetik».

«Espekulatzaile, putre fondo, banku edo instituzio publikoek etxebizitza negozio bat balitz bezala tratatzen dute eta etxebizitza eskubidea denontzako eskubidea izan ez dadin aktiboki kolaboratzen dute. Bere burua garatutzat hartzen duen jendartean bizi gara eta aberastasun maila oso altua den bitartean, etengabean handitzen ari den gizarte desberdinkeriaren aurrean beste alde batera begiratzen du. Gu ez gaude prest egoera hau bere horretan uzteko», nabarmentzen dute.

10.000 etxe huts Gasteizen

Etxebizitzaren garestitzea eta espekulazio mota guztiak salatzen dituzte, bereziki, alokairuko etxebizitzari dagozkionak; neurrigabeko prezioak eta gehiegizkoak zein diskriminatzaileak diren klausulak. Gainera, Gasteizen 10.000 etxebizitza hutsik daudela kritikatzen dute, horietatik 500 gutxienez Udalarenak dira eta ez dakite zenbat dauden Elizaren eskuetan.

Zehazki, 2016an Gasteizko Udalak argitaratuko etxebizitzari buruzko txosten batean jasotzen denez, jabeen %2,9k bi etxebizitza baino gehiago eta bost baino gutxiago dituzte. 53 jabek 10 etxe baino gehiago eta 50 baino gutxiago dituzte; 11 pertsona fisiko edo juridikok 50 eta 100 etxebizitza artean dituzte eta zazpi jabek 100 etxebizitza baino gehiago dute.

Txosten beraren arabera, pertsona juridikoen artean, Sozietate Anonimoek (haien artean, batzuk publikoak), 4.329 etxebizitza dituzte, Sozietate Mugatuek, 2.418 eta gainerakoak Administrazio eta organismo publiko eta erlijio kongregazioen artean banatzen dira, besteak beste.

Bitartean, «baliabide gutxi dituzten eta premia egoeran dauden pertsonen etxegabetze kasuak gora doaz, baita okupatuta dauden etxeetako kanporatzeak ere», salatzen dute manifestuan. Halaber, kezkagarritzat jotzen dute instituzioen inplikazio falta alokairuko etxebizitzen parke publikoan. «Alokairu sozialek prezio eskuragarriak izan beharko lituzkete eta hauek eskuratzeko egungo oztopoak desagertu beharko lirateke».

Ez dituzte ahazten etxebizitza edo logela baten bila dabilen jendeak topatzen dituen zailtasunak, «bereziki arrazagatik, jatorriagatik edo adingabeak kargura izateagatik».

Larrialdi zerbitzu eta aterpetxeak, gainezka

Honen guztiaren ondorioz, gizarte larrialdietarako zerbitzuak, aterpetxeak eta abegi-etxeak «erabat gainezka» daudela azaltzen dute manifestuan. «Udal eta foru gobernuek ez dute ezertxo ere egin azken urteetan hau konpontzeko. Gizarte zerbitzuak, gainera, ez daude pentsatuta eta prestatuta zaurgarritasun egoeran dauden emakumeei arreta egoki bat emateko, eta eraso eta jazarpenak jasotzera behartzen dituzte».

Badaude oso larrian diren beste egoera batzuk ere: «Atzerritar adingabeek 18 urte betetzen dituztenean kalera botatzen dituzte eta espetxetik ateratzen diren pertsonentzako gizarte zerbitzuak falta dira gizarteratze prozesuan laguntzeko».

Gizartetik baztertuak izateko arriskua duten pertsona guztientzako abegi eta arreta bermatu ahal izateko, premiazko ikusten dute beharrezko baliabideak ezartzea.