INFO

Bihar GARAn, Izagirre (EH Bildu): «Dirua izan eta pertsonen alde ez erabiltzea ezin dut ulertu»

Biharko GARAn, Gipuzkoako aldun nagusia izateko lehian dabilen Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate ohiari eginiko elkarrizketa argitaratuko da. Pertsonen alde eta herriarekin batera gobernatzeko asmoa du ardatz nagusi.

Este navegador no soporta el elemento video.


Gipuzkoako erresidentzien afera eta beste hainbat protestari buruz, hauxe dio EH Bilduko zerrendaburuak elkarrizketan: «Ez dut ulertzen, eta ez dut inoiz ulertuko, dirua izatea eta pertsonen alde ez erabiltzea». Bere ustez, aipaturiko gatazka (60 egun pasatxoko greba eragin du) «astebetean» konponduta egon behar zen.

EH Bilduk gobernatzeko beste eredu bat dakarrela berresten du Juan Karlos Izagirrek. Eta iraganaz hitz egiteko gogo handirik aitortzen badu ere, «botere faktikoek» Bilduk Gipuzkoan kudeatu zituen erakunde handien aurka oldartu izana horrekin lotzen du. Osaturik zuten «sare edo erregimena» arriskuan ikusten zutela garbi du 2011tik 2015era Donostiako alkate izandakoak.

Botere horiek gustoko ez duten neurrien artean Aberastasunaren gaineko Zerga aipagarria da. Berriro indarrean jartzeko asmoa agertzen du EH Bilduren hauteskunde programak, eta datu argigarria ematen du Izagirrek elkarrizketan: egungo EAJ-PSEko Gobernuak hori «moldatu» zuenetik, Gipuzkoako 38 pertsona aberatsenek aurretik baino 15 milioi euro gutxiago ordaindu dute urtero. Zerbitzu publikoen kaltean gertatzen ari dela adierazten du Juan Karlos Izagirrek.

Erabakitzeko eskubidea, bakegintza eta abar ere hizpide du elkarrizketan.