INFO

Urrutikoetxearen ezker eskua ez dago ongi eta Buruz Buruko finala ekainaren 9ra atzeratu dute

Zaratamokoak gaurko entrenamenduan ikusi du bere eskua ez dagoela ekainaren 2an jokatzeko moduan eta atzerapena eskatu du.

Mikel Urrutikoetxea, larunbateko finalerdian (Monica DDEL VALLE/FOKU)

Araudiak bere baitan hartzen zuen salbuespena kontuan izanda, EPEL-ek onartu egin du Mikel Urrutikoetxeak Buruz Buruko finala aste bete atzeratzeko egindako eskaria eta Iker Irribarriaren aurka jokatu beharreko partida ekainaren 9an jokatuko da, Bilbon.

Bizkaia pilotalekuan, Aimar Olaizola eta Pablo Berasaluze ondoan zituela, egin du Zaratamokoak gaur txapelketa hasieratik ikututa zuen ezkerra probatzeko entrenamendua eta berehala ohartu da eskuak ez duela espero eta nahi bezala erantzun. «Berotzean nabaritu dut min pixka bat, behetik jotzerakoan zerbait, baina Aimar ezkerrera pilotak botzatzen hasi denean min handia nabaritu dut. Oraindik erabat osatu gabe dago eta horregatk erabaki dugu atzerapen hori eskatzea», azaldu du bizkaitarrak entrenamendua bukatu berritan.

Aipatu duenez, bere asmoa eta nahia finala zegokion egunean jokatzea zen, baina 100% egongo ez zela eta, araudiak onartzen duen atzerapena eskatzea egokiena iruditu zaie.