Donostian nagusitasuna mantendu du Eneko Goiak eta herrietan gora egin du EH Bilduk
Gipuzkoan EAJ eta EH Bilduren arteko lehian zegoen arretagune nagusia. Ezker independentista nagusitu da udaletan, aurreko bozetan galdutako hainbat herritan gailenduz. Hiriburuan aldiz Eneko Goiaren hautagaitza izan da garaile, bere nagusitasuna indartuz.
Goranzko joerari eutsi dio EAJk Donostian, Eneko Goia buru duen zerrendak 10 eserleku lortuta, orain arte baino bat gehiago. Zenbaketa ia %96ean dela, jeltzaleek bost puntu egin dute gora boz kopuruan. EH Bildu mantendu egiten da eta sei eserlekuei eusten die. Kolpea PSEk jaso du Gipuzkoako hiriburuan. Ernesto Gascoren hautagaitzak bost eserleku lortu ditu, orain baino bi gutxiago. Podemos, Ezker Anitza-IU eta Equoren zerrendak hiru ordezkari lortun ditu eta beste hainbeste PPk.
Alderdi Popularrak izango zituen emaitzetan arreta berezia zegoen jarrita, Borja Semperren kanpaina alderdiaren sigletatik urruntzearen aldekoa izan baita. Estrategia baliagarria izan zaiola dirudi.
Emaitza hauek eskutan, Goiak gobernuari eutsi ahal izango dio eta PSErekin batuta gehiengo osoa lortuko luke.
Herrialde osoari erreparatuta, EH Bildu udalerri gehienetan nagusitu da. Kostaldean eta Debagoiena bezalako eskualdeetan eskuratu ditu emaitzarik onenak, orain lau urte izandako beherakadari buelta emanez. Bergaran alkatetza berreskuratuko du ezker independentistak, bozen %48,25 eta 9 ordezkari (orain arte baino bi gehiago) lortuta. EAJk behera egin du eta 7 ordezkarirekin geldituko litzateke (%37,81). Zumaian ere gora egin du EH Bilduk eta bozen %49,05arekin 9 zinegotzi izango ditu. EAJk 7 ordezkari lortu ditu eta PSEk bat izango du, orain artekoa mantenduta.
Pasaiak ere ezustekoa eman du, EH Bilduren alde. PSE nagusitu zen orain lau urte eta bigarren egin du oraingoan. Ezker independentistak 6 zinegotzi lortu ditu 500 boz baino gehiago irabazita. PSEk bost ordezkari mantentzen ditu baina bozetan behera eginda. EAJk bestalde ordezkari bat galtzen du.
Beste arretagune garrantzitsu bat Errenterian zegoen, EH Bildu eta PSEren artean lehia egon zitekeela pentsatuta. Zenbaketa %98an denean, alderdi abertzaleak gora egin du Oarsoaldeko herrian eta 8 zinegotzi izango lituzke Aizpea Otaegi buru duen zerrendak. PSEk eta EAJk orain artekoari eusten diote, zazpi ordezkari lehenak eta hiru bigarrengoak.
EH Bilduren aldeko joera Andoainen ere berretsi da. Zazpi zinegotzi izango ditu ezker soberanistak, bozen %38,52 lortuta. PSE da bigarren indarra, bost zinegotzi mantenduta, eta EAJ hirugarrena lau eserlekuei eutsiz.
EAJ Elgoibar, Urretxu, Hondarribia, Zarautz eta Arrasaten gailendu da, besteak beste. Arrasaten lehia izango zela iragarria zen eta azkenik jeltzaleak gailendu diren arren boto gutxiren aldeagatik izan da. Bozen %96 zenbatuta, EAJk 4.189 boto zituen (9 ordezkari) eta EH Bilduk 3.920 (8 ordezkari). PSE da hirugarren indarra baina aurreko biekiko distantzia argiarekin, hiru ordezkari lortu baititu. Azken zinegotzia Podemos, Ezker Anitza-IU, Equorentzat izan da.
Zarautzen Itziar Muruaren (EH Bildu) hautagaiatzak ez du lortu EAJri alkatetza kentzea. Jeltzaleek 900 boto baino gehiago irabazi dituzte eta zinegotzi bat gehiago lortu dute. EH Bilduk ordezkari bat gehiago izango du (8) udalean, 800 boto baino gehiago irabazi ostean.
PSE, aldiz Eibar, Zumarraga, Lasarte eta Irunen lehen indar bezala jarraitzen du.