EAJk «guztiekin» hitz eginen du, baina PSE da «lehen aukera»
EAJren Bizkaiako presidente den Itxaso Atutxak baieztatu du alderdi politiko «guztiekin» hitz egiteko asmoa duela EAEn, lehen indarra berretsi ostean. Hala ere, nabarmendu egin du, «seguruenik», PSE izanen dela «lehen aukera».
«Aurreko legealdian PSErekin egindako akordioak ongi funtzionatu du, gure alderdien arteko elkarbizitzaren balorazio on bat egiten dugu eta gizarteak atzo baieztatu egin zuen», adierazi du EAJren Bizkaiako presidente den Itxaso Atutxak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean.
Atutxaren hitzetan, EAJk zenbakiak hobetu dituen arren, «hizketarako eta akordioetarako irekita dagoen alderdia» da eta «hori ez dela aldatuko», nabarmendu du. «Esperimentu gutxi egiten dituen alderdia da EAJ. Alderdi guztiak deitu ohi ditugu eta gure programa aurkeztu».
Aldundietan edo hiriburuetan lortutako emaitzetaz gain, Barakaldo, Bermeo, Markina edo Zallan erdietsitako garaipenak ere ez ditu ahaztu nahi izan. Bestetik, onartu egin du Durango edo Galdakaon, lehen indarra mantendu arren, atzera pauso bat eman duela EAJk.
Bestetik, Lakuako Parlamenturako hauteskundeak aurreratzeko aukeraren inguruan galde egin diote. Iñigo Urkullu lehendakariaren ardura dela adierazi ostean, «oraingoz» data aurreratzeko argudiorik ez duela ikusten azpimarratu du Atutxak. «Etapak amaitzea gustoko duen pertsona da lehendakaria», nahiz-eta aurrekontuak aurkezterakoan gainontzeko alderdiek erakutsiko duten jarrera aztertu beharko dela gehitu duen.