INFO

Bazkidetza kanpaina kalera aterako du asteburu honetan Gure Eskuk

Azken hilabeteetan martxan jarri duten bazkidetza kanpaina herri eta hirietako kaleetara aterako du Gure Eskuk asteburu honetan. «Gero eta gehiago izan, urrunago eta azkarrago iritsiko gara», adierazi dute.

Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu, Gure Eskuren bozeramaile berriak, Bilboko ekitaldian. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Erreferendumaren aldeko herri ekimenaren egitasmoa herriz herri partekatzeko, aurkezpen bira egiten ari dira asteotan Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Eskuren bozeramaileak. Etapa berri honetan, inoiz baino gehiago, herritarren konpromisoa «ezinbestekoa» izango dela azpimarratu dute saio hauetan: «Gero eta gehiago izan, urrunago eta azkarrago iritsiko gara».

«Herri erronka» izango den egitasmo berriari indartsu heltzeko, gaur egun bazkide diren 2400 lagunetik harago joan eta komunitatea handitzea «gakoa» izango dela azpimarratu du plataformak. Eta horregatik, martxoaren 31n abian jarritako bazkidetza kanpaina asteburuan kalera aterako dute hainbat herritan. Online egiteko aukera ere zabalik da lehendik.

Mugimenduak jakinarazi du ‘Plaza’ deituriko plataforma digital berri bat martxan jarria duela, bazkideek dinamikaren inguruko erabakietan parte hartzeko aukera izan dezaten eta «uneoro hurbileko informazioa eskura izan dezaten».

Atzo jakinarazi zuten Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea Gasteizen izango dela datorren asteartean. Gure Esku herri mugimenduak gonbidatuta, ‘Del referéndum imposible al referéndum inevitable’ konferentzia eskainiko du Gasteizko Europa Jauregiko Francisco de Vitoria auditorioan. Hitzaldia ekainaren 4an izango da, 19:30ean.

 

440 lagunentzako edukiera du auditorioak, eta, beraz, lekua ziurtatu nahi dutenei izenematea.gureesku.eus webgunean lehenbailehen izena emateko deia egiten diegu.