INFO

LABek «positibotzat» jotzen du Osakidetzako EPEaren kasuko deklarazioen lehenengo fasea

Lekuko zein inputatuen deklarazioen lehenengo fasea behin amaituta, LAB sindikatuak, prozesuaren balorazio «positiboa» egin du. EH Bilduk, aldiz, Osakidetzako langile guztiei zigorgabetasuna elikatzen duen mezua bidaltzea leporatu dio Lakuako Osasun sailari.


Herri akusazio gisa, Osakdetzako EPEaren kausaren parte da LAB. Deklarazioen lehen fase honetan inputatu eta lekukoek eman dute deklarazioa eta balorazio «positiboa» egin du sindikatuak. «Epaitegian entzundako adierazpenek LABek defendatzen duen tesia baieztatu dute, hau da, bai egon zirela filtrazioak, hauek ez direla mugatzen kategoria zein pertsona gutxi batzuetara, baizik eta ondo oinarrituriko eta oso ezaguna den sistema ustelaz hitz egiten ari garela, Osakidetzan aspalditik martxan dagoena», adierazi dute.

Inputatuek LAB sindikatuaren abokatuaren galderei ez dietela erantzun azpimarratu dute. «Osakidetzako zein zerbitzuetako organigrametako goiko arduradunak EPE prozesuetako oinarrizko printzipio demokratikoak urratzen dituen sistema honetan inplikaturik daude», gehitu dute.  Bestalde, Osakidetzaren jarrera harroa salatu dute. «Justiziarekin kolaboratzeko eta ezarrita dagoen sistema ustela behingoz amaitzeko baino, errealitatea estaltzeko helburua du», salatu dute.

Nahiz-eta gaur bere kontratua berretsi dioten, Marta Macho anestesistaren gaia ere gogora ekarri nahi izan dute. «Geldiezina dena gelditzeko saiakera antzuak baino ez dira». Machori jarraiki, «praktika ustel hauek ezagutzen dituzten pertsona guztiak» salatzera animatu dituzte.

Langile guztiei zigorgabetasun mezua bidaltzea leporatu dio EH Bilduk Lakuari

Rebeka Ubera EH Bilduren legebiltzarkideak kritikatu duenez, Lan Eskaintza Publikoan irregulartasunak salatu zituzten anestesistetariko bat kaleratuta, Osakidetzak «bere langileei helarazi dien mezu bikoitza ikaragarria da». «Batetik, kontratazio politika jendea isilarazteko erabiltzen da, mugitzen denak garesti ordaindu eta kalera doalako; bestetik, ustelentzako mezua ere argia da: Segi lasai orain arte bezala, Osakidetzak babestu eta defendatuko zaituzte eta», adierazi du.

Uberaren iritziz, «ez da onargarria Osasun Sailak gizartean zabaldu nahi duen tesia, Osakidetzak ez duela erantzukizunik izan bere Lan Eskaintza Publikoan gertatu diren irregulartasunetan». «Gezurretan ari zarete beldurrean, xantaian eta dena ondo lotuta edukitzea helburu duen kontratazio politiko batean oinarritzen den eredu klientelar bati eusteko».