INFO

Azterketen atarian, selektibitatearen eredua salatu dute ikasle mugimenduek

Datozen egunotan milaka ikaslek selektibitateari aurre egin beharko diotela eta, Euskal Herriko ikasle mugimenduek gogor salatu dute azterketa eredua. 

Ikasle batzuk selektibitate froga egiten. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Hego Euskal Herriko milaka ikaslek egingo duten selektibitateko azterketen atarian, berriro ere aurkakotasuna adierazi dute ikasle mugimendu desberdinek: «Badator herritar gisa zapaltzen gaituen selektibitatea», nabarmendu dute, Madrildik «begiratu eta erabakitzen» diren edukiei aipamena eginez. 

Era berean, selektibitateak ikasleen «bizi itxaropenak mugatzen» dituela salatu du Ikasleok Zorrotz mugimenduak: «Azterketan ateratako zenbaki hutsak determinatzen du etorkizunean izango garena». 

Hezkuntzak «izaera aurrerakoia» izan beharko lukeela adierazi dute eta, hortaz, «pertsonen garapen integrala» eta «herri baten garapena» bermatu beharko lituzkeela.

Egungo ereduaren gabeziei kritika gogorra egin diote: «Azken urteetan ikasitakoa baino, azken egunetan memorizatzeko eta hau azterketa batean azaltzeko gaitasuna neurtzen dute selektibitateak eta baxoak, ikasleon kritikotasuna, sormena, parte hartzea... erabat alboratuz. Zenbaki eta makina bihurtzen gaituzte hautaprobek». 

Deia ikasleriari

Ikasleok Zorrotz mugimendutik bi deialdi helarazi dizkiete ikasleei: alde batetik, azterketetara beltzez jantzita joan daitezela –egun hauetarako propio prestatu dituzten pegatina batzuk eramanez– eta, bestetik, hezkuntza sistema propio baten aldeko aldarrikapenarekin bat egin dezatela.