INFO

Non batzen dira euskara, kaqchikel eta kiche hizkuntzak?

Kaqchikel eta kiche hizkuntzen alde ekarpena egin asmoz Guatemalan izan da Garabide erakundea, bertako hizkuntza eragileek deituta.

Garabidek partekatutako bidaiaren irudi bat.

Hizkuntza lankidetzarako Gobernuz Kanpoko Garabide erakundea Guatemalan izan da kaqchikel eta kiche hizkuntzen alde ekarpena egiteko asmotan. Zehazki, Tafallako Ikastolako zuzendaria den Isabel Arias, bertako haur hezkuntzako irakasle den Iñaki Gil, Iñaki González Arizmendi Ikastolako haur hezkuntzako irakasle aretxabaletarra eta Maialen Sobrino Garabidetarra, Gasteizen bizi den baztandarra izan ziren Guatemalara bidaiatu zutenak.

Garabidek Guatemalako kaqchikel eta kiche komunitateekin urte luzez egindako hizkuntza lankidetzari jarraipena emateko joan ziren, bertako hizkuntza eragileek deituta.

Guatemalak 25 hizkuntza ditu aitortuta gazteleraz gain. Garabidek bidaiaren inguruan idatzitako kronikan azaldu bezala, kiche hizkuntzak milioi bat hiztun inguru ditu, –Guatemalako populazioaren %5,8– eta kaqchikelak milioi erdi, -Guatemalako populazioaren %2,9-, biak hizkuntza maien familiakoak dira eta familia horrek guztira 22 hizkuntza barnebiltzen ditu Mexikon, Guatemalan eta Belizen. Aipatutako bi hizkuntzak hezkuntzatik ekin diote batik-bat euren biziberritzeari.

Guatemalako hezkuntza publikoan ez dago murgiltze eredurik hizkuntza indigenetan, Hezkuntza Elebiduna deitutakoa da hizkuntza eta identitatearekin nolabaiteko harremana izateko aukera bakarra. Garabidek salatzen duen moduan baina, «25 hizkuntza indigena horietako bat etxean jaso dutenak erdalduntzen ditu sistema horrek», salatzen dute kronikan. Hezkuntza publikoko hezkuntza elebidunean, kasurik onenean, astean bi ordu eskaintzen zaizkio hizkuntza indigena baten irakaskuntzari eta metodologikoki ez da apusturik egiten kalitatea bermatzeko. «Horren erakusle da, adibidez, aunitzetan hizkuntza indigena horren ikasgaia hizkuntza hori ez dakien irakasle baten esku dagoela», salatzen dute kronikan.

Hezkuntza publikoaren egituretatik eta babesetik kanpo Ruk’u’x Qatinamit eskola sarea sortu du orain kaqchikel komunitateak, haur eta lehen hezkuntzan kaqchikelezko murgiltze eredua helburu duen eskola sare bakarra.

Horrez gain, irakasle kaqchikelak formatzeko Unibertsitate Maia ere sortu zuten herri ekimen gisa eta martxan da orainidik ere.

Kiche komunitatean, aldiz, eskola publikoan hezkuntza elebiduneko kiche irakasleak ari dira biziberritze lanetan eta txalotzekoa da, mugak-muga, egiten ari diren bidea eta biziberritze lanerako duten grina.

Hezkuntza eredu propioa sortzen aritu dira azken hamarkadan kaqchikel komunitatea, identitatea eta hizkuntza oinarri hartuta eta, batez ere, metodologikoki kalitatearen aldeko apustu sendoa eginez. Izan ere, kontutan hartu behar dugu hizkuntzatik harago indigenek oraindik estigmatizazio handia pairatzen dutela gizartean. Ruk’u’x Qatinamit sarea 4 eskolak osatzen dute: 2 Chimaltenango-n, 1 Patzicía-n eta 1 Tecpán-en. Inguru urbanoan daude denak eta egoera soziolinguistikoari erreparatuta eskolara ailegatzen diren ikasle gutxi batzuk bakarrik dakite kaqchikela etxetik.

Garabide erakundeko kideek lau eskolak bisitatu zituzten, ikasleak ezagutu eta nola lan egiten zuten ezagutzeko, bilerak egin zituzten zuzendari, irakasle talde eta gurasoekin. Bileretan hizkuntzaren biziberritzearen gaineko kontzientzia landu zuten nagusiki eta baita biziberritze prozesu horretan alor bakoitzak jorratzen duen papera ere. Gainera, esperientzia truke horretan lau eskolatako irakasleekin topaketa bat egin zen tailer formatuan, metodologia trukea egiteko.

Eskola batek lortu du murgiltze ereduan lan egitea, dagoeneko ikasgai guztiak kaqchikelez ditu, eta horretarako materialak sortu eta irakasleak formatu ditu, prozesu guztia sistematizatuz.

«Munduan 7.000 hizkuntza hitz egiten badira ere, horrelako hezkuntza proiektuak urriak dira, hortaz da hain garrantzitsua kaqchikel eskola honen aitzindaritza aitortzea», dio harro Garabide erakundeak. Emaitza nabariak lortzen ari direla ere defendatu du Garabidek.