INFO

Zarauzko IAT estazioa aurreikusitako epeetan ari dela tramitatzen dio Lakuak

Zarauzko Ibilagiluen Azterketa Teknikoa (IAT) egiteko zentroa astelehen honetan irekitzeko aukera zegoela zabaldu ondoren, Lakuako Gobernuak argitu du Itasua emakidaduna «zehatz mehatz» ari dela betetzen dagozkion zuzentarauak eta epeak Zarauzko aldi baterako zentroa ahalik eta lasterren ireki ahal izan dadin.

Urnietako IAT estazioa. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Lakuako Gobernuko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak deitoratu egin du Zarauzko IAT egiteko estazioa astelehen honetan irekitzeko «aukera faltsu horren aurrean piztu den arreta», data hori inoiz ez delako egon Gobernuaren egutegi aurreikuspenean, «kontuan hartuz, gainera, prozesu administratiboak betetzeak epe batzuk betetzea eskatzen duela eta, zalantzarik gabe, zabaldu den data hori gainditzen dutela».

Gainera, kasu honetan, adierazi du tramitazioa ez dela Ibilgailuen Azterketa Teknikoak eskatzen duena soilik, baizik eta 1993ko Ibilgailuen Azterketa Teknikoen Zerbitzuaren Esplotazio Kontratuaren aldaketa ere egin behar dela, eta, ondorioz, eragile publiko ezberdinek eman behar diotela oniritzia aldaketari.

«Prozedura konplexua bada ere dagokion epean eta zorrotz ari da egiten martxan jarriko den ITV zerbitzu berriari berme legal eta administratibo guztiak ziurtatu ahal izateko. Aldi berean, Zarauzko Udala ere ezinbestekoa den aktibitate lizentzia tramitatzen ari da», ziurtatu du.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak duela hilabete eman zuen ezagutzera EAEko IAT estazioak kudeatzen dituzten lau enpresek estazio bat gehiago irekitzeko aukera izango zutela, eta Zarautz eta Beasainen, gainera, Urnieta eta Irunen sortutako itxaron zerrenda luzeari erantzuteko asmoz behin behineko estazioak zabaldu ahal izango zirela. Lan prozesua enpresa emakidadun bakoitzarekin bilerak eginez hasi zen, eta orduz geroztik aurrera doa aurreikusitako epeak betez.

Edonola ere, Lakuaren arabera nahiz eta oraindik Zarauzko estazioa ez den zerbitzua ematen hasi, esan du duela hilabete batzuk sortutako arazoa arintzen ari dela eta aipatutako Gipuzkoako estazioetan «modu arin eta eraginkorragoan» ari direla lanean.