INFO

Pilota final handiak Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko dira, gutxienez, 2022ra arte

Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez, EPEL eta instalakuntzaren gestioa daraman enpresa –Giroa-Custom Sport2– beste bi urtez luza daitekeen akordio batera heldu dira.


Bilboko Bizkaia pilotalekuak eskuzko final handien egoitza izaten jarraituko du, gutxienez, 2022. urtera arte, frontoiaren jabe den Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez.


Erakundeak azaldu duenez, eraikinaren ustiakuntza daraman Giroa-Custom Sport2 enpresa eta Esku Pilota Enpresen Liga –EPEL– akordio batera heldu dira, bi enpresen arteko kontratua indarrean den bitartean, 2022ra arte, eta bi urtez luzatzeko aukerarekin, partida handi hauek bertan jokatzen jarraitzeko.


2011an ateak ireki zituenetik, 20 final hartu ditu Miribilla auzoko eraikinak eta igande honetan beste bat gehiago hartuko du, 2019ko Buruz Burukoa. Mikel Urrutikoetxea eta Iker Irribarriak jokatuko duten partida honetan, Aldunditik esan dutenez, 34 bozgorailuz osatutako soinu sistema berria estreinatuko da.