INFO

Elorriok hartuko du Ibilaldia 2020, ‘Hel Horri!’ lelopean

Ibilaldia, Bizkaiko ikastolen jaia, Elorrion ospatuko da 2020ko maiatzaren 31n, gaur jakinarazi dutenez. Elorrio eta elorria abiapuntu hartuta, ‘Hel Horri!’ leloa izango du.

Ikastolen Elkarteko, Ibilaldiko, Azkue eta Txintxirri ikastoletako ordezkariak. (IBILALDIA)

Ibilaldiaren aurtengo edizioaren balantzea egin eta heldu den urtekoa aurkezteko agerraldia egin dute gaur Bilbon Ikastolen Elkarteko, Ibilaldiko eta Azkue eta Txintxirri ikastoletako ordezkariek.

Azkue ikastolako ordezkariek eskerrak eman dituzte eguraldi txarraren ondorioz izan dituzten galera ekonomikoak estaltzeko jaso duten laguntzagatik

«Euskal Herriko txoko guztietatik jaso dugu laguntza. Baina laguntza ekonomikoaz aparte asko eta asko izan dira beraien burua lanerako eskaini dutenak edota beraien kultur ikuskizunagatik kobratzeari ere uko egin dienak, eskerrik asko guztioi», esan du Ainara Ikaran ikastolako lehendakariak.

Ez du datu zehatzik eman baina jasotako elkartasunarekin eta Ibilaldi egunaren aurretik egindako lanarekin, Ibilaldi eguneko inbertsioa estali eta aurreikusitako proiekturen bat egiteko lain ere izango dutela aurreikusten dute. «Urtean zehar egin dugun lan gogorra eta jasotako elkartasunari esker, neurri batean gure proiektua aurrera eramateko aukera izango dugu», esan du Maitane Hidalgo ikastolako zuzendariak.

Elorrioko Txintxirri ikastolak hartuko dio lekukoa Azkue ikastolari datorren urteko maiatzaren 31n. ‘Hel Horri!’ leloa hautatu dute eta hiru elorri zuhaixka da irudia. Ikastolako haurrek egindako ehuna marrazkietatik atera dute. Hiru elorri erakusten ditu elkarren ondoan eta Natura, ingurumena, elkartasuna eta alaitasuna adierazten ditu, «Ikastolaren eta gure herriaren adierazgarri ezin hobeak».

Azaldu dutenez, Elorrio herriak elorriari zor dio izena, antzina oso ugaria omen zelako landare hori inguruan. Leloa eta irudia lantzerakoan abiapuntu hori hartu dute, «izenak eta izanak duten lotura oinarri hartuta». «Gurean ere, beste herri guztietan bezala, ikastola herritik sortu zen, herriak sortu zuen eta, orain ere, herriarekin eta herrirako egiten dugu lan, orain dela 50 urteko ilusio eta gogo berarekin», nabarmendu dute.

Hala, Elorrio eta elorria hitz jokoaren «begi bistako esanahi eta loturetatik haratago, euskaraz ‘hel horri!’ edo ‘heldu horri’ esamoldea erabiltzen da zerbaiti ekin edo bide bat hartzeko orduan, indarrez eta gogoz egiten denean bereziki».