INFO

Zero Plastiko Urdaibai ekimenak 8 tona hondakin bildu ditu

Adin guztietako 2.500 bolondresek eta 300 urpekarik zein itsasontzik parte hartu dute Zero Plastiko Urdaibai ekimenean. 

Itsasotik ateratako zaborra. (IREKIA)

Adin guztietako 2.500 bolondresek eta 300 urpekarik zein itsasontzik parte hartu dute gaur Zero Plastiko Urdaibai ekimean. 8 tona plastiko eta beste hondakin batzuk bildu dituzte.

«Bildutako hondakinez gain, gako garrantzitsua izan da parte hartzaile guztien artean lortutako sentsibilizazioa. Gaurkoa egunero egiten ditugun ahalegin txikiekin helburu orokor handiak lortu ahal direla erakusteko balio izan da, guztiok jakin dezagun», nabarmendu du Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburu Iñaki Arriola.

Lakuako Gobernuak ohar batean azaldu duenez, Zero Plastiko Urdaibai ekimenak Ozeanoen Munduko Egunarekin bat egin du. «Helburua: itsas ekosistema eta kostaldea kutsatzen duen zabor eta plastiko kantitateari buruz sentsibilizatzea. Are gehiago, itsaso eta ozeanoetako hondakinen %70 dira arrantzarako gailu ahaztuak, mikroplastikoak eta botatzen diren plastikoak: poltsak, edalontziak edo mahai-tresnak».

Urdaibaiko Biosferaren Erreserbak Biosferaren Erreserben Nazioarteko Sarearen Zero Plastiko Lantaldean parte hartzen du, munduko irlen eta kostaldeen 16 erreserbak osatuta: Sea Area uharteak, Blekinge uharteak, Cat Ba uharteak, Commander  irlak, Fuerteventura, Kanaria Handia, Man irla, Jeju, La Hotte, Lanzarote, Menorca, Ometepe, Palawan, Guanahacabibes-eko penintsual, Terres de l’Ebre eta Urdaibai.

«Urdaibai ohiz kanpoko edertasuna eta aberastasun ekologikoa duen naturagunea da; UNESCOk Biosfera Erreserba izendatu zuen 1984an. Guztira, 22.000 hektareako azalera dauka, hainbat labar, mendi, hondartza, ibai, urpeko ur, kobazulo, baso natural eta paduraz osatua. Horrez gain, biodibertsitate handia dago Oka ibaiak itsasoratzean sortzen duen estuarioan», adierazi du Lakuak.