Miren Arenzanak, Sahatsa Jauregik eta Xabier Arakistainek jasoko dituzte Gure Artea sariak
Miren Arenzana ‘Ibilbide artistikoaren aitortza’ atalean, Sahatsa Jauregi ‘Sorkuntza lanaren aitortza’ arloan eta Xabier Arakistain Arakis ‘Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lanaren aitortza’ri dagokionean dira aurtengo Gure Artea sarien irabazleak.
Gure Artea sariak arte plastikoen eta ikusizkoen arloan Euskal Herrian ematen diren garrantzitsuenak dira, eta Miren Arenzana, Sahatsa Jauregi eta Xabier Arakistain Arakis artistek jasoko dituzte aurten. Sari banaketa irailean egingo da, Gasteizko Artium museoan.
‘Ibilbide artistikoaren aitortza’ Gure Artea saria Miren Arenzana Letamendi artista bilbotarrak jasoko du. Gure Artea sarietako epaimahaiak bere erabakian adierazi duenez, Arenzanaren lana «erreferentzia garrantzitsua da ondoko belaunaldientzat». Halaber, bere sorkuntzan genero ikuspegia txertatzeko egin duen apustua nabarmendu du.
«Hiru hamarkadaz lanean ibili ondoren, Miren Arenzana Letamendi eskultoreak bere obretan beste esparru eta diziplina batzuetako erreferentziak erabiltzen ditu, adibidez, diseinua eta arkitektura. Laurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik, bere produkzioa industriako materialen (plastikoak, gomak, metakrilatoak) eta eskulangintzako beste batzuen (bordatuak) inguruko ikerketa izateagatik definitzen da, baita eskulturaren praktika esanahi eta berrikuntza formaleko beste esparru batzuetara zabaltzen duten objektuak birziklatzeagatik ere», nabarmendu du.
Halaber, bere lanak azken urteetan bizi izan duen bilakaera azpimarratu du epaimahaiak: «Azken urteetan artistaren jarduera gero eta soilago bihurtu da, gu mugitzen eta bizi garen espazioa definitzeko, espazio hori galeriarena edo etxeko espazio batena izan kontuan hartu gabe. Arkitekturarekin jokoak, argia eta kolorea modu askotara inbrikatzen dira bere azken proposamenetan».
Sorkuntza lanari saria
‘Sorkuntza lanaren aitortza’ Gure Artea saria Sahatsa Jauregi Azkaraterentzat izango da, «eskulturari eta artxiboari loturiko lan bat garatzeagatik eta herri kulturaren forma ezberdinen analisi sakonean oinarritutako erreferentzia aukera itzela osatu duelako horretarako».
Epaimahaiak bere ekoizpen zabala nabarmendu du: «Etengabeko elkarlaneko saretan eragileak eta praktikak lotzen dituen Euskal Herriko artearen kartografia batean Jauregiren jarduera garrantzitsua bada ere, artista gisa produzitzen duena bere belaunaldiko azpimarragarrienetakoen artean kokatzen da. Azken urteetan eraiki duen formen eta irudien katalogo zabalak, hainbat testuingurutan eta euskarritan erakutsia, berau inguratzen duena modu berezi eta zehatz batean erregistratzen duen bildumagile artatsu bati buruz hitz egiten du».
Arte plastikoa
Bere aldetik, Xabier Arakistain Ecenarro Arakis sarituko dute ‘Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lanaren aitortza’ modalitatean. Erakusketa komisario gisara izan duen ibilbidea azpimarratu nahi izan du epaimahaiak, non «emakumezko eta gizonezko artistak berdintasunez tratatu eta arte ofizialaren historiografiaren kanonak berraztertu baitituen».
Besteak beste, ‘Transexual Express’ (Bilbaoarte, 1999), ‘Transexual Express’ Rosa Martinezekin batera (Bartzelona, 2001), ‘Kiss Kiss Bang Bang’ (Bilboko Arte Ederren museoa, 2007), ‘Guerrilla Girls’ (Azkuna Zentroa, 2013), ‘Why Not Judy Chicago?’ (Azkuna Zentroa, 2015) eta ‘Margaret Harrison. Sexu, klase eta indarkeriaren arteko harremanak’ (Azkuna Zentroa 2017) aipatu dituzte.
Arakistain 2001etik eta 2003ra Bilbaoarteko erakusketa programaren arduraduna izan zela eta 2006tik 2011ra Gasteizko Montehermoso Kulturuneko zuzendari izan zela ere hartu dute kontuan: «Montehermoson, kudeaketa eredu feminista zuen arte eta pentsamendu garaikideko kultur gune berritzaile bat sustatu zuen, emakumeen paritatea bermatuz programa guztietan».
Azkenik, hitzaldi ugari eman dituela azpimarratu du, hala nola Londresko Tate Modern, Royal College of Art eta UCL-n; Parisko EHESSen; Vienako MAKen; Berlingo 8. Bienalean; New Yorkeko Brooklyn Museum eta New Museum eta Boston College-n; Mexiko Hiriko MUACenM Costa Ricako Unibertsitatean; Txileko Santiagoko Arte Ederren museoan edota Madrilgo MNCARSen.