INFO

Aita Mari ontzia berriro itzuliko da Greziara erreskate lanak egiteko

Hilabete bertan egon ondoren Pasai Donibanera iritsi zen atzo Aita Mari ontzia matxura bat konpontzera. Uztailaren amaieran berriro itzuliko da Greziara mediku laguntza eskaintzeaz gainera, itsasoan erreskate lanak egiteko asmoz. Horretarako behar dituzten baimenak lortzen segiko dutela adierazi dute gaur eskainitako agerraldian.

Aita Mari ontziko kideak, gaur Pasai Donibanen. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Mediterraneoan erreskate lanak egitea da Aita Mari ontziaren helburu nagusia. Ez die horretarako baimenik eman, ordea, Gobernu espainiarrak. Helegitea jarri eta baimen hori lortzen saiatuko direla adierazi dute bertako kideek gaur goizean Pasai Donibaneko portuan eskaini duten agerraldian. Argi dute legea beteko dutela, ez dutela arazoetan sartu nahi. Eta zentzu horretan, elkartasuna igorri diote Carola Rackete kapitainari eta Sea Watch-eko antolakuntzari.

Matteo Salvini italiarraren zein Pedro Sanchezen gobernuen politikak salatu dituzte. «Diskurtso desberdina izan arren, emaitza bera dute bi gobernuen politikek, itsasoan pertsonak hiltzea», adierazi dute Aita Mari ontziko kideek. Erreskate lanak egiteko baimenik ezean mediku laguntza bideratzen jarraituko du boluntario talde honek. Eta horretarako, Greziara itzuliko da Aita Mari ontzia abuztuan.

Crowdfunding eta boluntarioak

Herritarrei dei egin diete martxan jarri duten crowdfunding kanpainarekin bat egiteaz gainera, boluntario gisa parte hartu dezaten. Gaurko agerraldi eta protestarekin bat egin dute Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kideek.