INFO

EuskarAbentura, 798 kilometro eta bizipen zenbaezinak begi aurrean

121 parte-hartzaileak hiriburuetatik atera diren autobusetan iritsi dira, Euskal Herriko bazter ezberdinetatik, Maulera. Zuberoako hiriburua baita EuskarAbentura 2019 espedizioaren abiapuntua. Bertako Jai Alaien pasatu dute gaurko harrera-eguna eta bertan igaroko dute gaua ere, bihar Pagolarantz abiatuko aurretik.

EuskarAbenturako partaideek harrera-eguna izan dute gaur Maulen. (EUSKARABENTURA)

Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako 16-17 urte bitarteko 121 neska-mutil euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera eramanen dituen oinezko espedizioa da EuskarAbentura. Gaur abiatu eta hilaren 31ra bitarte, 31 etapa osatuko dituzte, 798 kilometro orotara, horietatik 483 oinez. 2019ko hau bigarren ekitaldia izango da.

Iaz bezalaxe, aurten ere Done Jakue bide ezberdinak jarraituz, Euskal Herria luze-zabal zeharkatuko dute, Maulen hasi eta Getxo helmuga hartuta. Hiriburu guztiak ez ezik, Unescok Gizateriaren Ondare izendatutako guneak bisitatuko dituzte; basoak, hondartzak, museoak, gari-soroak, leizeak, portuak, gazteluak, belazeak, monumentu nahiz eraikin enblematikoak, herriak, gatzagak, baserriak…

Lehenengo etapak

Euskal Herria oinez zeharkatuko duten 121 gazteek eta haiekin batera esperientzia nomada biziko duten xerpa, osasun, komunikazio nahiz logistika taldeko 25 lagunak Maulen elkartu dira eguerdian. Harrera labur baten ostean, neska-mutilak taldeka multzokatu dituzte eta, hilabete osoan erreferentziazkotzat izango duten xerparekin (begiralea) batera, kideak ezagutzeko saio motz bat egin dute.

Bazkalostean espedizioari eta honen antolaketari buruzko informazio praktikoa jaso dute. Arratsaldean Michel Etxebest Mauleko alkateak hartu ditu herriko plazan, eta talde argazkia egin dute azken honekin.

Datozen egunetako aurreneko etapa hauek (Maule–Pagola, bihar; Pagola–Jutsi, etzi; Jutsi–Garazi, etzidamu) 15, 8 eta 25 kilometrokoak izango dira, hurrenez hurren. Ez dira ibilbideko maldatsuenak, ezta luzeenak ere, baina baliteke gogor xamarrak suertatzea, hain justu, lehenengoak direlako. Zangoak indartzeko eta gorputz nahiz gogoak datozen hilabete osoko martxa eta errutinara ohitzeko balio izanen dute, baita taldea trinkotzeko ere.

Aplikazioa

Espedizioa lehen pertsonan bizi ezin baina gertutik jarraitu nahi dutenentzat tresna baliagarria izanen da ‘Euskarabentura’ aplikazioa. Codesyntax enpresa hornitzaileak garatu du, eta Android nahiz iOS sistemetarako erabilgarri dago jada.

Batetik, espedizioa unean-unean eta mapa baten gainean proiektatuta geolokalizatuko du. Bestetik, etapa bakoitzaren xehetasun teknikoak (kilometro kopurua, gainbehera, puntu garaiena nahiz baxuena, profila, zeharkatzen dituen herriak… etab.) jasoko ditu. Espedizioak iraun bitarte egin nahiz grabatutako argazki eta bideoak ere erakutsiko ditu, arian-arian eta geolokalizatuta. Gainera, parte-hartzaile guztiei buruzko aurkezpen labur bana eta zenbait bitxikeria biltzen dituzten profil-fitxak ere izango dira ‘Euskarabentura’ aplikazio honetan ikusgai.