«Prekarietatea egiturazkoa da, ez da sektoriala. Ez da aldi baterakoa»
IPESek eta Ernaik elkarlanean ‘Prekarietatearen eragina gazteongan: parte-hartze politikotik bizi ikuskerara’ izeneko ikastaroa antolatu dute Eibarren, UEUren 47. Udako Ikastaroen barruan. Atsedenaldian hitz egin dugu Iratxe Delgado Arribas Ernaiko Kidearekin eta Ibon Meñika Orue-Etxebarria IPESeko kidearekin.
Orain dela urte bi Iruñean gazte boterearen inguruan egin zenuten hausnarketa. Horren barruan kokatzen da aurtengo ikastaroa, baina zein pausu eman dira Iruñeko ikastarotik hona?
Meñika: Orain dela urte bi Iruñean gazteon parte hartze politikoak gazte ikuskeran zer nolako eragina zeukan planteatu genuen eta lotua zegoen aurretik ere IPES eta Ernai elkarlanean egiten ari ginen bidea edo prozesuarekin.
Ikastaroari esker forma gehiago hartu zuen. Ondoren, Durangoko azokan aurkeztu genuen “Pitzatu” liburuan ere agertu izan da prekarietateak erabateko eragina daukala ez bakarrik baliabide materialetan, baizik eta gazteen bizi ikuskera guztian. Orduan iruditzen zitzaigun egokia zela hor ateratzen ziren hainbat gogoetari azpimarra berezia eskaintzea.
Delgado: Hori da, hasi ginen gazte botereari buruz hausnartzen parte-hartze politikorako tresna edo gaitasun bezala eta ikusten genuen prekarietateak horretan eragin zuzena zuela. Orduan aztertu gabe prekarietatea zer den eta nola eragiten digun, oso zaila zela hitz egitea benetan parte-hartze politiko eraginkor bati buruz.
Ikastaro honetan nahi genuena zen prekarietatearen argazki orokor bat egitea. Horretarako batetik datuak ikusi ditugu EGK-ko [Euskadiko Gazteriaren Kontseilua] kideen laguntzarekin; eta gero bai zentratu gara horren irakurketa politikoa edo prekarietatearen jatorrian; edo zergatik ematen ari den prekarizazio prozesu hau; kapitalismoaren garapenari loturik.
Baina baita ere gazteon bizi ikuskeran eta baldintza materialetan. Bereziki gure egoera ulertzeko eta horren aurrean jarduteko dugun moduaren inguruko eztabaida sustatzea, gero guk ere gure egunerokotasuneko lanean txertatu ahal izateko.
Eta batez ere prekarietate horrek parte hartze politikoan edo mugimenduan daukan eragina, ez?
Delgado: Gure ustez ulertu behar da politika ez dela zure baldintza materialetatik modu autonomoan ematen den zerbait. Parte-hartze politikorako egiturak gizartean txertatuta daude eta gure bizi baldintzekin zuzenean lotuta daude.
Orduan ezin dugu parte-hartze politikoari buruz abstraktuan hitz egin. Prekarietateak hain zuzen ere eragiten duena da bizi baldintzei lotutako kezka bat; eta, beraz, horretan denbora asko eman behar izatea, denbora bat gero ez daukaguna parte hartze politiko eta sozialean inbertitzeko.
Gainera, testuinguru batean non parte hartze politikorako egitura formalak desprestigio handia duten. Egia da gazteontzako -aurreko ikastaroan ere hitz egiten zen - beti egon izan direla urrun parte-hartze politikorako egitura horiek; baina orain desatxikimendu hori orokorragoa da.
Orduan, nola egiten dugu gazteriaren bizi baldintzak hobetzeko, parte-hartze politiko hori ahalbidetzeko eta posible izateko? Zein estrategia arlo materialean, baina baita ere nolako parte hartze politikoa eta zertarako. Zer daukagun gaitasuna eztabaidatzeko eta erabakitzeko, eta horretarako zein espazio formal, informal, sozial, instituzional... beharko genukeen.
Goizean zehar prekarietatearen eraginaren inguruan jardun duzue batez ere. Zein kezka agertu dira?
Delgado: Argazki orokor bat egin dugu eta hor eztabaida egon da bereziki adierazle batzuekin eta horien atzean zer ezkutatzen den. Eta gero ze baliabide dauden gure baldintza prekarioei aurre egiteko. Adibidez DBEaz [Diru sarrera bermatzeko errenta] hitz egiten zen.
Tresna bat printzipioz gazteon bizi-baldintzak hobetzeko aukera daukana, baina zenbat gaztek daukate DBEra sarbidea? Zenbat gaztek eskatzen dute? Eta benetan hainbeste gaztek ez badute eskatzen, zergatik den hori. Argazkia egiten dugunean ere adierazleek errealitate asko kanpoan uztearen inguruko eztabaida.
Etxebiden izena ematea, itxaron zerrendak... Gero asko aipatu da ikuskerarena. Nola ulertzen dugun prekarietatea. Nola kostatzen zaigun arazo kolektibo bezala irudikatzea eta nola begiratzen diegun aterabide indibidualei; edo nola guk gure emantzipazio prozesuaren arduradun bezala – ikuspegi liberal eraiki horretatik – egin behar dugun esfortzu bat emantzipatzeko.
Diru laguntzak porrotarekin lotzearen ideia. Eta bereziki berrestea ikuspegi kolektibo baten eraikuntzaren beharra, emantzipazioaren ideia propio bat sortzearen beharra. Ulertuta testuinguru sozialean eta ez hainbeste norbanakoaren zeregin bezala.
Meñika: Eta gazteen ikuskera hori jendarteko gainerako sektore, eremu ezberdinekin nola elkartzen dugun. Eta nolako ikuskera kolektibo komun bat eraikitzeko aukera daukagun; gaur egun gazteek pairatzen duten, euren bizitza ardazten duen, errealitate batetik abiatuta. Horrek maila baten zer nolako hartu emanak sortarazten dituen. Ikuskera hori komunean jarri. Aterabidea nola kolektibizatu.
Azkenean, gero eta onartuago, edo gero eta kontzientzia handiagoa dago, gaur eguneko gazte belaunaldiak bere aurrekoak baino txarrago biziko direla. Besteok zein jokabide hartu beharko genukeen horren inguruan; eta ez bakarrik ulertu gazteen ardurapean geratzen den zerbait dela. Sindikalismoak izan dezakeen papera. Beste sektore batzuek.
Memoria kolektibo hori eraikitze aldera egon daitezkeen aukerak. Beste errealitate batzuei aurre egiteko atera diren erantzun mekanismoak gaur egunera nola ekarri. Gazteek gaur egun pairatzen duten prekarietatea erdigunean jartzeko beharra dugula jendarte bezala. Bestelako eredu bat eraiki nahi dugunontzako.
Goizean batez ere eraginaren inguruan jardun duzue, baina horretan bakarrik ez zarete geldituko. Prekarietareari aurre egiteko alternatibak, esperientziak ere jarriko dituzu mahai gainean.
Delgado: Bai. Nahi duguna da horren aurrean zer nolako tresnak edo esperientziak martxan dauden ezagutzea edo horien inguruan hausnartzea. Ulertzen dugulako agian orain ez dagoela gazte prekarietatearen kontrako sekulako olatua; baina badaude esperientziak eta kezka hori existitzen da.
Orduan zein esperientzia dauden funtzionatzen dutenak eta zertan ari dira gazteak. Zein ekarpen, zein hutsune, zein behar, zein elkarlanerako aukera dauzkaten. Egin behar dugun lehenengo gauza da batera jarri eta erabiltzeko gai izan. Ibonek esan duen bezala agian egia da sozialki aitortua den zerbait izan daitekeela txarrago bizi garela.
Ez dago analisi orokor eta sakon bat zergatia eta ondorioen inguruan, baina badago ulerkera bat. Hala ere, ekiteko bideak, proposamenak oraindik sortzen ari gara. Beraz, begiratzea egiten ari den horretara. Ikasteko horretatik ere.
Batez ere prekarietatea, aipatu duzuen moduan tokatu den zerbait moduan, hor dagoen zerbait moduan hartzen delako.
Delgado: Bai. Onartu beharreko zerbait bezala. Esfortzu indibidualean jarrita hortik ateratzeko arreta. Guk bereziki egin nahi duguna da ikuspegi horren kontra. Prekarietatea arazo sozial bat da. Ez da arazo indibidual bat; eta beraz, behar du aterabide sozial bat.
Prekarietatea egiturazkoa da, ez da sektoriala. Ez da aldi baterakoa, ez da iragankorra. Egiturazkoa den heinean egiturazko neurriak behar ditu. Zeintzuk dira neurri horiek? Edo nola txertatu daitezke? Horiek dira galderak.
Egiturazkoa da, baina hainbat zapalkuntza gurutzatzen diren lekua ere bada. Generoa, jatorria... Hori ere aztertu duzue?
Delgado: Argazkian bereziki generoaren ardatza agertu da. Adierazle txar guztiak agertzen ziren emakumeen kasuan; eta adierazle on guztiak lausotzen ziren neska gazteen kasuan. Hor ere gurutzatu beharko dira beste aldagai batzuk.
Zeharka hitz egin dugu atzerrian jaiotako gazteen eta bertan jaiotako gazteen artean dauden ezberdintasunez. Nola atzerrian jaiotako gazteek dauzkaten lan baldintza kaskarragoak, baina oro har lehenago emantzipatzen diren. Hori ere bada hausnarketarako puntu bat. Zergatik gertatzen den hori. Espektatibekin dauka zerikusia, ikasketa prozesuaren garapenarekin...