INFO

Aurrekontuak ez negoziatzeko eskatu die ELAk EH Bildu eta Elkarrekin Podemosi

EAJk, PSEk eta PPk hizartutako aurrekontuetan murrizketa nabariak daudela ohartarazi du ELA sindikatuak eta beraz, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos hauek negoziatzen hasiz gero «negoziatuko duen bakarra izango da zenbateko murrizketa izango den».

ELAko Janire Landaluze, Mitxel Lakuntza eta Mikel Novalek eskaini dute prentsaurrekoa. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

ELAren ustez, EAJk, PSEk eta PPk akordioa itxi dute murrizketen politikari eusteko eta adibide gisa jarri du Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) erreforma tramitatzeko aukera ireki izana, PPri esker. Ohartarazi du, legeak dioenez DSBEa lanbidearteko gutxieneko soldataren %86a izan behar dela –hau da, 903 euro 12 pagatan– eta erreforma honek planteatzen duena da gutxiengo soldataren erreferentzia kentzea eta gehienez 659 euroko DSBE ezartzea.

Beraz, Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak eskatu die EH Bildu eta Podemos alderdiei politika hauen aurkako posizio argia finka dezatela eta ez hasteko hauek negoziatzen: «Ezkerrak marko hau onartuz gero murrizketen markoa ontzat ematen du, eta negoziatuko duen bakarra izango da zenbateko murrizketa egingo den». Hala, Lakuntzak uste du ezker politikoaren egin beharra dela aurrekontuen edo DSBEaren erreformaren aurka agertzeaz gainera «bere alternatibak plazaratu eta pedagogia egitea».

ELAko Azterketen arduradun Mikel Novalek jakinarazi du Lakuaren Aurrekontu Egonkortasun Helburuak Mariano Rajoyrekin adostu zituela eta bertan zehazten da 2020rako aurrekontua iazkoa baino %2,8 handiagoa izango dela; gastu-arauari dagokiona, alegia: «Beraz, euskal administrazioei ebatsi egiten zaie aurrekontuak erabakitzeko ahalmena, eta murrizketa politikari eutsiko zaiola bermatzen da; bestalde, baztertu egiten da gobernuaren suberabit handia arlo sozialetara bideratzeko aukera».