INFO

«Gure ikurren alde» kalejira antolatu dute uztailaren 6an Iruñean

Uztailaren 6an «Herritarron sanferminen alde! Gure ikurren alde!» lelopean kalejira abiatuko da Iruñeko Txapitela kaletik aro politiko berrian euskal identitatearen kontra berpiztu diren jarrerak salatzeko.

2013ko ikurrinaren aldeko kalejira Iruñean.

«Erregimenak Iruñeko udala maneiatzen zuen urte gogorrenetan, euskal identitatearen aurkako jarrerak ezagutu genituen. Ekinbide hauek, adierazpen eta eremu ezberdinetan izan zuten (eta dute) bere isla, hala nola, kulturalean, hizkuntzari dagokionean eta baita sinbologiaren inguruan ere. Iruñearen zati handi bat izkutatzen saiatu ziren urte luzez, milaka eta milaka iruindarroi mesprezu eginez, jazartuz. Adierazpen hauek, urteak joan eta urteak etorri, Sanferminetan modu are nabarmenagoan bizitzea egokitu zitzaigun», adierazi dute antolatzaileek.

«Baina azken lau urteetan gure hiriak arnasa hartu du, bestelako giro eta bizipenekin. Gure hiria hainbatetan eta gai ezberdinekin eredu izan da. Horregatik, aurten ere, ate joka ditugun Sanferminetan arduraz eta Iruindar guztion mesedetan jardungo duen giroaren alde egitea dugu xede», gaineratu dute.

Egoera politiko berrian ildo hau zapuzteko asmoa dagoela salatu dute. «Aurtengo jaietan ez dugu onartuko gure identitatea aitzakia harturik, gurekin konfrontazioa bilatzeko jazarpen eta istiluen itzulera. Ezta Iruñeko herritar asko eta asko bigarren mailako biztanle gisa tratatzea ere. Azken urteetan errotutako giro herrikoiean, parte-hartze eta herritar ahalduntzean sakontzen jarraitu nahi dugu. Azken urteetan ikur zein espresio kultural anitz ezberdinek kabida izan dute gure hirian, behar luketen normaltasunarekin», esan dute.

«Horregatik, ate-joka ditugun hurrengo sanferminetan, gure nortasuna eta identitatearen defentsan lan egiteko konpromisoan berretsiko gara, identitate ezberdinak daudela aintzat hartuz; gure kultura, hizkuntza eta sinbologiaren aldeko lanean, urte luzez askatasunaren aldeko ikur izan den ikurrinaren defentsa barne. Gure hirian, Iruñean, dagoen sentipen eta filosofia baten eraikuntzan hain zuzen», deitu dute.

Bide honen lehen urratsa uztailaren 6an egingo duten kalejira izanen da. Txapitela kaletik abiatuko da «Herritarron sanferminen alde! Gure ikurren alde!» lelopean.