INFO

Larrialdiak erantzuteko mugaz gaindiko protokoloak landuko dituzte

Osakidetzako Larrialdiek, Nafarroako Babes Zibilak, Nasuvinsak eta Côte Basque-Samu64A Ospitale Guneak, HeliNET izeneko Europako POCTEFA proiektuaren Partzuergoaren 4. bilera egin dute Donostian. Azken helburua larrialdi, erreskate eta hondamendi egoeretan arriskuen kudeaketa bateratua eta elkarri laguntzeko misioak aurrera eramateko mugaz gaindiko lankidetza sarea sortzea eta antolatzea da, hala nola helikopteroen erabilera indartuz.

Donostian eginiko bileraren argazkia.

Bestalde, Côte Basque-Samu64A Ospitale Guneko arduradunek azaroaren 21ean Biarritzen (Ozeanoaren Hirian) egingo den Pirinioetako mugaz gaindiko hirugarren mintegiaren egitarauaren zirriborroa aurkeztu dute.

Topaketan hainbat gai landuko dira, telemedikuntzaren erabilera ospitalez kanpoko premiazko arretaren alorrean, helikopteroek arreta pediatrikoan betetzen duten lana eta hizkuntzaren oztopoa hondamendien mugaz gaindiko kudeaketan.

HeliNET proiektua mugaz gaindiko arriskuak lantzeko beharra aurreikusten duen laneko ildoan sartzen da, lurraldeko eragileek gertakariei aurre hartzeko eta erantzuna planifikatzeko duten gaitasuna hobetuz, eta baita arrisku espezifikoei eta hondamendi naturalei eman beharreko erantzunaren kudeaketan ere.

Horretarako, Osakidetzako Larrialdiak, Nafarroako Babes Zibila, Nasuvinsa eta Côte Basque-Samu64A Ospitale Gunea lanean ari dira laguntzako, arretako edo erreskateko helikopteroek lurra hartu ahal izango duten azaleren sarea hobetzeko eta, beste alde batetik, partzuergoko parte diren lurraldeen artean erantzun koordinatua eta integratua planifikatzeko, antolatzeko eta testatzeko.

Proiektuaren %65 Lurralde Garapenerako Funts Europarrak (FEDER) finantzatzen du, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) Programaren bitartez.