INFO

#47Herrian elkartasun olatuak busti ditu sareak

Elkartasunak ez du oporrik eta datorren irailean epaituko dituzten euskal presoen eskubideen defentsan aritutako 47 euskal herritarrek sumatu egin dute. Menditik ala hondartzatik, asko dira auzipetuei elkartasuna helarazi dietenak.

Askotarikoak dira igorritako argazkiak.

Irailaren 16an 11/13 auziaren epaiketa abiatuko da Auzitegi Nazional espainolean. Euskal presoen eskubideen defentsan aritutako 47 euskal herritar eseri beharko dute auzipetuen aulkian. Fiskalak egindako zigor eskaerari aurre egin beharko diote epaiketak iraun bitartean, 601 urteko espetxealdia, guztira.

Auzipetutako lagunen artean osasun arloko profesionalak, abokatuak eta presoen eskubideen aldeko eragileetako kideak daude eta «elkartasun sare baten kide» izateagatik auzipetuko dituztela salatzen dute guztiek.

Fiskalak zortzi eta 21 urtera arteko espetxe zigorrak eskatu ditu auzipetuentzat, eta, ondoren, zaintzapeko zigorra; lau eta zortzi urtera artekoa. 2013ko irailean hasi zen auzia, eta 2015ean izan ziren azken atxiloketak. Jaiki Hadi-ko, Etxerat-eko eta Herrirako kideak, daude, besteak beste, auzipetuen artean.

«Milaka izan dira azken urteotan elkartasun sare hau posible egin dutenak. Elkartasuna izan da guztiok lotu gaituen haria», nabarmendu zuten Amaia Izko abokatuak eta Ane Zelaia Herrirako kide ohiak auzipetu guztien izenean ekaina hasieran eskainitako agerraldian. «Printzipio politiko eta etikoei loturik» lanean aritu zirela nabarmendu zuten ere, epaiketaren nondik norakoak azaltzeko, eta abian jarritako dinamiken berri emateko egindako prentsaurrekoan.

Udararekin batera hasi ohi gara udako opor egunak eta bidaiak antolatzen. Euskal herritar ugarik baina, ez dute elkartasun keinuak maletan sartzea ahantzi eta dauden lekutik igorri dituzte auzipetuekin elkartasun mezuak. Siresatik, Alpeetatik, Cadizetik edota Tarragonatik iritsi dira batzuk.

Urrutira joan gabe, gure lurraldeko kaleetan eta paretetan ere aurki daitezke epaiketaren aurkako mezuak.

Bai eta data hauetan gure geografian hain ohikoak diren jaietan ere. Barañainen edota Bergarako San Martzial jaietan presente izan da euskal presoen eskubideen defentsan aritutakoen aurkako epaiketa.

Herriz herri, auzipetutako lagunen auzo eta herrietan babes dinamika propioak garatzen ari dira. Haietan auzipetuek euren gertukoen elkartasuna senti dezakete.

Kirol ekimenetan ere lortu da epaiketaren salaketaren presentzia. Herrien arteko pilota txapelketako finalean, adibidez, Astigarraga eta Azpeitiko pilotariek elkarrekin ateratako argazkia da honakoa.