INFO

EH Bilduk Haurreskolak Partzuergoaren Batzar Orokorrari planto egin dio

Indar subiranistak Haurreskolak Partzuergoaren eraldaketa sakona eskatu du. Era berean, zerbitzu hezitzailearen doakotasun osoa aldarrikatu du beste behin ere.

Haurreskolen doakotasunaren aldeko aldarria. (Aritz LOIOLA/FOKU)

EH Bilduk Haurreskolak Partzuergoaren Batzar Orokorrari planto egin dio eta eraldaketa sakona eskatu du. «Partzuergoan, azken urteetan gertatu bezala, ez da ezer aldatu. Haurreskolak osatzen dugun komunitateak behin eta berriz egin ditugu Partzuergoa eraldatu eta erronka berriei egokitzeko proposamenak eta ez da inongo aldaketarik egon», nabarmendu du, eta zerbitzu hezitzailearen doakotasun osoa aldarrikatu du berriz ere.

Ohar batean adierazi duenez, Partzuergoaren parte hartzea «erabat mugatua» da eta udalerrien «bozka kopurua guztiz mugatua» dagoela salatu du. Bide batez, parte hartzea zabaltzea proposatu du. Honetaz gain, Haurreskolen aurrekontua handitu beharra dagoela adierazi du, «norabide horretan soilik lortuko baita Haurreskolak aurrera begirako erronkei begira jartzea, duten kalitatea handitzea eta baita ospe ona handitzen jarraitzea». Halaber, LAB sindikatuarekin lortutako azken akordioa lehentasunez bete dadin exijitu du.

Azkenik, Gasteizko Legebiltzarrean gehiengo osoz onartutako Legez Besteko Proposamena berehala betetzea eskatu du. «Horrela, 18.000€tik beherako diru sarrera duten familiek Partzuergoko Haurreskolak doan izan ditzaten errealitate bilakatu behar da», azaldu du, eta «egungo zein etorkizuneko euskal jendartearen beharrei egokituko den eredu berritzaile baten alde» egin du.

LABek aldaketak eskatzen ditu

LABek Haurreskolak Partzuergoaren Batzar nagusiaren eta zuzendaritza batzordearen osaketa berrikustea «ezinbestekoa» dela adierazi du, eta udalei eskumen handiagoa eman behar zaiela azpimarratu du. «Erabaki organo hauetan Udala, familia eta langileon parte hartzea sustatu behar dela uste dugu, eta horretarako batzarrean parte hartzen dutenen eta parte hartzea nahi dugunon arteko boto banaketa orekatuagoa izan behar da», gaineratu du.

Aurrekontuei dagokionez, sindikatuak «beste partida batzuk» sartu behar direla ohartarazi du, «haurreskolen doakotasuna garatzeko, 2 urteko gelak Haur hezkuntzako lehen zikloan mantentzeko eta langileon egonkortasuna eta 2018tik negoziatu gabe dagoen Lan hitzarmen berria negoziatzeko».