Tesalonikan agurtu da Askapenako Greziako brigada
Uraren pribatizazioaren kontrako mugimenduak, meatzeen gatazka edo kooperatibak dituzte hizpide Askapenako brigadistek Greziatik igorri diguten hirugarren eta azken kronikan.
Kretatik ferrya hartu eta Atenasen geldialditxoa egin ondoren, Tesalonikara iritsi ginen. Tesalonika Greziaren iparraldean dagoen hiri handi bat da, Greziako handienetan bigarrena. Han ere, KOEko kideek harrera egin ziguten, eta solasaldi bat izan genuen, batez ere Euskal Herriko azken berriei buruzkoa.
Tesalonika ingurua oso industrializatuta zegoen garai batean: langile-klase indartsua zuen, borrokalaria. Dena dela, 90. hamarkadatik aurrera, desindustrializatzen hasi zen, eta tokiko ekonomia berehala aldatu zen. Batez ere gazteetan, langabezia asko handitu zen. Unibertsitateko ikasketak izanda ere, lanik ezin aurkitu eta kanpora joaten hasi ziren. Horrekin batera, klase burgesak eta agintariek turistifikazioa bultzatu zuten. Etxebizitza turistikoen eraginez, errentak asko garestitu ziren, eta, batez ere gazteek, erdigunetik alde egin behar izan dute azken urteetan. Aldi berean, bizi-kalitatea okertuz joan da, zerbitzu publikoen kalitatea okertu da…
Tesalonikaren beste arazo handi bat garraio publikoa da. Oso hiri handia da, eta autobus-zerbitzua oso kaskarra da. Horrez gain, ingurumena ere kezkagarria da biztanleentzat. Ez du ia berdegunerik, zuhaitzik eta belarrik, eta, aipatu dugun moduan, garraio publikoa oso txarra denez, jende gehienak autoa erabiltzen du.
Beraz, beste hiri askotako arazo antzekoak ditugu hemen: agintariak turistak erakarri nahian eta biztanleak ezin bizi. Halere, badu hiri honek beste ezaugarri bat. Kokagune estrategiko du: Balkanetan dago kokatua. Ondorioz, inperialismoari lotutako gatazkak ere izaten dituzte.
Uraren pribatizazioaren kontra
Hurrengo goizean, ura kudeatzen duen enpresa publikoko sindikatuarekin elkartu ginen. 2008an uraren kudeaketa pribatizatzen saiatu zirenetik, borrokan ari dira uraren kudeaketa publikoaren defentsan.
Oraindik ere, arriskua dago kudeaketa hori guztiz pribatizatzeko, baina,diotenez, horren kontra sortu zen herri mugimenduari esker ez dute dena pribatizatu, bestela egingo zuketen.
Hasieran gutxi batzuk hasi ziren, baina, pixkanaka, jendea elkartuz joan zen, eta mugimendu indartsua sortu zen. Gainera, eskura zituzten tresna guztiak erabili zituzten borrokarako: mobilizazioak, nazioarteko mugimenduekin saretzea, sinadura-bilketak, erreferendumak, udalbatzara joatea, Syrizako bulegoetako ura moztea… Lorpen handitzat dute, adibidez, erreferendumean Tesalonikako herritarren % 51k bozkatu zuela, eta % 98,3 kontra zeudela.
Ur-kudeaketaren pribatizazio saiakera hau pribatizazio orokor baten testuinguruan ulertu behar dugu: hamaika enpresa publiko pribatizatuz joan dira pixkanaka, memorandumez memorandum, eta, gainera, multinazionalen esku geratu dira. Pinocheten garaiaren atzetik, Grezian izan da kanpoko kapitalaren esku-hartzerik handiena enpresa publikoetan. Pribatizazio horren ondorioz, uraren kasuan esaterako, kontsumo prezioa igo egiten da, eta kalitatea jaitsi.
Sindikatu honek eskubidetzat dauka ura, eta, beraz, beharrezko ur kopurua dohain izatearen alde borrokatzen da. Multinazionalen esku geratuz gero, baina, etekin ekonomikoa lortzea da lehentasuna.
Horrelako borroka indartsua izanagatik, gaur egun nahiko itzalita dago. Beste kroniketan ere azaldu dugun moduan, etsipena nagusi da. Jendeak uste du ezin direla gauzak aldatu, ikusitakoak ikusi ondoren, baina sindikatukoek borrokan jarraitu nahi dute, ez baitute beste aukerarik ikusten.
Meatzeen gatazka
Arratsaldean, Kaltzidika (grezieraz, Chalcidicḗ) eskualdera joan ginen, ekialdera. Eskualde horretan, ohiko jarduera izan da meatzaritza antzinatik. Dena dela, PASOKek (alderdi sozialdemokrata) egindako lege bati esker, Kanadako enpresa bati, El Dorado Miningi, saldu zizkioten meatzeak, 11,5 milioi euroren truke. Zer zetorkien ikusi zutenean, komunitateak borrokan hasi ziren, batez ere zuhaitzak botatzen hasi zirenean.
Mea ateratzea baino okerragoa da horren inguruan eraiki nahi duten industria: flash-melting delako teknika erabiltzen dute, eta izugarri kutsakorra da. Beraz, arazo nagusiak deforestazioa eta itsasoak, ibaiak, errekak eta ur azpiko urak kutsatzea dira, baina badago beste bat ere: enpresek ez dute inolako eskubiderik ordaintzen ustiaketagatik.
2011 eta 2013. urteen artean egon zen ustiapen basati horren kontrako borroka indartsuen: gerra txiki moduko bat izan zen. Mobilizazioak, sabotajeak, istiluak… Horren ondorioz, 400 pertsona baino gehiago auzipetu dituzte, eta 100 pertsona daude epaiketaren zain.
Egun, ordea, borrokari bizirik eustea eta informazioa zabaltzea dute erronkarik handiena. 2013tik aurrera, ez dute itxaropenik, epaiketek ito egin dituzte, eta etorkizuna beltz ikusten dute.
Dena dela, uste dute dena okertuz joan ahala eta kalte guztiak azaleratu ahala jendeak zerbait egiteko beharra sentituko duela. Bitartean, herriak husten ari dira.
Viome: lantegiak langileentzat
Viome Tesalonika kanpoaldean dagoen fabrika okupatu bat da. 2011n, lantegi horren jabe zen enpresak porrot egin eta enpresa abandonatu zuten. Langileek alde ez egitea erabaki zuten, eta tokia eta materiala zaintzen hasi ziren. Inguruko jendeari elkartasun-deia egin, eta Viomeren elkartasun-sarea sortu zen. Langileen sindikatuko % 77k jarraitzea erabaki zuten, eta, hala, 2013an, kooperatiba bat sortu zuten.
Lehenago, eraikuntza-materiala ekoizten zuten, baina ekoizpena aldatzea erabaki zuten: garbigarriak ekoiztuko zituzten. Hainbat arrazoi zirela-eta erabaki zuten hori. Alde batetik, eraikuntzaren sektorea krisian zegoen, eraikuntza-materialak egiteko lehengaiak oso garestiak ziren eta ekoizpen ekologikoa egin nahi zuten. Bestetik, salmenta zuzena egin nahi zuten, jendearekin errazago konektatzeko.
Kooperatiban 22 kide daude, eta 12-13 langile aritzen dira egunero. Martxan badago ere, zenbait arazo dituzte. Lehenik, lege-arazoak: estatuak pabiloi guztiak saldu nahi ditu, baina, oraingoz, ez du inbertsorerik aurkitzen. Bigarrenik, produktuen banaketa. Zabaltzen saiatzen badira ere, zaila egiten omen zaie saltzea, eta ekoizpenaren erdia baino gehiago Frantzian eta Alemanian saldu beharra dute. Azkenik, produktuak merke edukitzea, denentzat eskuragarri izan daitezen.
Grezian fabrika okupatu bakarra bada ere, mundu osoko fabrika okupatuekin batera lan egiten dute, eta tarteka topaketak antolatzen dituzte. Grezian ere, beste kooperatiba batzuekin batera aritzen dira lanean, eta mota guztietako jardunaldi eta azoketara joateko apustua egiten dute, kooperatiben mugimendua erradikalizatzen saiatzeko. Hain zuzen ere, kooperatibek tradizio handia dute Grezian, baina, batzuetan, susmoa ere pizten dute, zenbaitetan hartu duten bideagatik.
Funtzionamenduari dagokionez, egunero asanblada bat egiten dute lanak banatzeko, eta zereginak txandakatzen saiatzen dira, nahiz eta ez duten beti lortzen. Langileen klinika bat ere badute, aurreko lan-gatazkaren ondorioz langile batzuek ez dutenez gizarte-segurantzarik, guztien osasuna zaintzeko asmoz.
Nola lortu du fabrika okupatu honek zazpi urtez funtzionatzea? Langileen erabakitasunagatik, izan duten babesagatik —bai solidarioena eta bai familiena— eta ahal izan duten saltsa guztietan sartu direlako, beste borroketan inplikatu direlako; izan ere, bakarrik ezer gutxi lor dezaketela uste dute.
Amaiera
Nola sartu orri gutxi batzuetan 10 egunetan ezagututako guztia? Saiatu gara egun hauetan ikusitakoaren, ikasitakoaren berri ematen, labur bada ere. Gauza asko utzi ditugu tartean, eta joango gara hemendik aurrera beste formatu batzuetan azaltzen, eztabaidatzen.
Greziako hauteskundeak ere tartean izan dira, eta harrituko zen baten bat hain aipamen gutxi ikusita. Guk jaso dugunagatik behintzat, inoizko hauteskunderik hutsalenak izan dira hauek: emaitza nagusiak jakinak ziren aurretik, eta ondoren gertatuko dena ere aurreikus daiteke. Beraz, tokia herri mugimenduei eman diegu, bai baitirudi etsipenaren borroka inork irabaziko badu, haiek izango direla.