AEBen eta EBren haragi sektoreko akordioa «arduragabekeria» dela dio Gipuzkoako EHNEk
«Arduragabekeria itzela da akordio hau. Ahoa betetzen zaie nekazaritza eta abeltzaintza estrategikoak direla esanez, baina ez zaie axola ez lehen sektorea, ezta europarren osasuna, ezta ongizatea ere». Hala adierazi du Gipuzkoako EHNEk ohar batean, AEBek eta Europar Batasunak sinatutako haragi sektorearen inguruko akordioaren balantzean.
Joan den ostiralean Donald Trump AEBko presidenteak jakinarazi zuen Europako Batasunarekin haragi sektorearen inguruko akordioa lortu zutela. Hau da, AEBetan ekoiztutako haragiari ateak zabaldu dizkio EBk. «Beste behin ere abeltzainok trukerako txanpon gisa erabili gaituzte», gaitzetsi du Gipuzkoako EHNEk.
Elkarteak agertu duenez, AEBek mehatxu egin zuten Europako autoei muga-zergak jarriko zizkiela esanez, eta horri erantzunez, EBk ateak zabaldu dizkio AEBtako haragiari. «Estatu Batuetako haragiak ez du Europan erabat arautu dugun animalientzako ongizate eta osasun neurririk bete behar. Nahiz eta hormonak jaso dituen haragiari mugak jarri dizkioten akordioan, animalia jatorriko elikagaiak ematen ahal dizkiote estatubatuarrek beren abereei. Europan, behi eroen kasuak jazo ondoren debekatu zen hori».
Gainera, akordioa ezkutuan egin dutela salatu du EHNEk. «Urte asko dira abeltzaintza eta nekazaritza era hauetako akordioetatik kanpo uzteko eskaera egin izan duguna Europako baserritarrok, baina beste behin ere kromoak txandakatzen diren bezala erabili gaituzte».
«Begiratu jatorriari eta bertakoa erosi»
EHNEk euskal herritarrei gomendatu die zuhur eta argi ibil daitezela eta begiratu dezatela ahora daramaten produktuaren jatorria eta egiteko era zein den. «Elikagaiak erosi eta jateak lotura zuzena du norberaren ingurumena, osasuna eta herriaren etorkizuna zaintzearekin. Beraz, bertako produktuak kontsumitu!», eskatu die.