INFO

Elkarretaratzea eginen dute gaur Donostian azken sexu erasoa salatzeko

«Ez duzue ezer ulertu». Hau da Donostiako mugimendu feministak, azken sexu erasoen harira, eraso horien ardura emakumeei egoztea gaitzetsi dute eta hauei aurre egiteko lehen neurria emakumeen «askatasuna mugatzea» proposatzen dutenei bidali dioten mezua. Gaur, 19:00etan, Bulebarrean elkarretaratzea egingo dute.


Igandean Donostian gertatu zen sexu erasoaren aurrean, Donostiako mugimendu feministak «besarkadarik beroena» bidali dio erasoa pairatu duen neskari.

«Euskal Herrian azken astean Bilbon, Gasteizen eta Donostian jatorri, klase eta adin ezberdinetako gizonek sexu eraso egin diete hiru emakumeei. Indarkeria matxistaren erroa gizartearen egituran dago, sistema kapitalista eta heteropatriarkalak sortzen duen indarkeria mota bat da emakumeon bizitzak kontrolatzeko eta gizon burges, zuria, heterosexuala, mendebaldarra eta funtzionalaren botere gehiegikeria indarrean mantentzeko. Bortxaketaren kulturaren funtzioa horixe bera da», azpimarratu dute ohar baten bidez.

Honen aurrean, Donostiako jaietan «eraso sexistak prebenitzeko bakarrik gizonez osatutako batzordea egokia dela pentsatzen duzuenoi, emakumeoi aholku paternalistak bidaltzen dizkiguzuen indar polizialei, erasoaren errua gurea dela iradokitzen duzuen komunikabideei, maskulinitate eredu erasokorra desaktibatzeko prebentzioan eta hezkuntzan inbertsio nahikorik egin gabe eraso sexistak egiten dizkigutenean populismo punitiboaren alde agertzen direnei» mezua bidali nahi izan diete. Baita «feminismoaren izenean pertsona migrante eta arrazializatuon aurkako diskurtso xenofoboa indartzen duzuenei, turisfikazioak eta espekulazioak txikituta dugun Donostia honetan etxebizitza eskubidea eta espazio komunitarioen alde herriarentzat lan ezinbestekoa egiten duen okupazio mugimendua kriminalizatzeko mezuak zabaltzen dituztenei»: «Ez duzue ezer ulertu».

Eraso horien ardura emakumeei egoztea gaitzetsi dute eta hauei aurre egiteko lehen neurria emakumeen «askatasuna mugatzea» izatea ere. «Ez dugu kontuz ibili nahi, aske izan nahi dugu. Beldurrik gabe ibili nahi dugu kaletik, edozein lekutatik, edozein ordutan eta edozein modutan, seguru sentituz».

Horren aurrean, «autodefentsa feminista» aldarrikatu dute eta emakumeen arteko «babes sareak» antolatzen jarraituko dutela baieztatu. «Elkartasuna eta borroka dira gure armarik indartsuenak beldurra gainetik kentzeko eta libre bizitzeko».