«McDonald's eredua» gaitzetsi dute sindikatuek Hendaian
McDonald'sek ordezkatzen duen eredua eta G7ren aurkako kontragailurrak ekartzen duena alderatu dituzte LAB, CGT, eta Solidaires sindikatuek Hendaiako MacDonalds jantokiaren aitzinean.
Multinazionalak langileen «eskubideak urratu» eta «janari zaborra» eskaintzen duela salatu ostean, sindikatuek haien alternatiba azaldu dute: «Tokiko produktuekin egindako kalitatezko hanburgesak».
G7 gailurrak irudikatzen duen ereduari «kontra egiteko batu» dira sindikatuak, baina aldi berean alternatibak ere badituztela erakutsi dute Ipar Euskal Herriko sindikatu nagusiek. CGT, LAB eta Solidaires sindikatuek ez dituzte maiz ekintzak elkarrekin egiten, baina kontragailurreko jarduerak zenbait ekimen elkarrekin egiteko bildu ditu.
Eguerdian, Hendaiako McDonald's parean elkarretaratzea egin dute «McDo prekarietate eremua» zihoen pankarta batekin. Jantokiko aparkalekuan eta paneletan afixa desberdinak itsatsi dituzte, eta Marseilako McDonalds'eko soldatapeko kolektiboko kideek bat egin dute protestarekin. Kamel Guemari, McDonaldseko langilea eta Force Ouvrier sindikatuko kideak adierazi duenez, «gure enpresak planeta suntsitzen du».
Alternatibak eskaintzeko batu
Prentsari egin dizkioten adierazpenetan, McDonald's, G7ko mandatariek bultzatzen duten ereduaren adierazle garbia dela salatu dute sindikalistek. Garbiñe Aranburu, LABeko ordezkariak azaldu duenez, «McDonald's sistema kapitalista suntsitzailearen adierazle da, bere elikagaiak eskuratzeko ez du ingurugiroa kaltetzeko erreparorik, ez du jendearen osasuna kontuan hartzen eta langileen eskubideak urratzen ditu».
Sindikalista abertzaleak, bestalde, ekimen konkretuak egiteko eragile desberdinak elkartzearen balioa azpimarratu du. Aranbururen hitzetan, «bizitza erdigunean jarriko duen eta jasangarria izango den proiektu bat bultzatzeko aliantza berrietarako aukera baliatu behar da».
Elkarretaratzea amaitu ostean, McDonald's-ek proposatzen duen ereduaren kontrakoa aurkeztu dute. Manifestariek eusten zuten pankarta jantokiko sarreran jarri dute eta bertaratu den jendeari «tokiko laborariek ekoitzitako produktuekin egindako kalitatezko hanburgesak» daztatzeko aukera eskaini diete.
Arratsaldean, berriz ere bat egin dute hiru sindikatuetako ordezkariek Ficobako erakustazokan, «munduaren bukaera, hilabete bukaera, borroka bakarra!» konferentzian.