Errepide eta teleferiko banak Everest gerturatuko diote turismoari
Everest igotzeko lehen etapa, gaur egun arte, zaila eta arriskutsua izan ohi da. Hegazkinez egin behar dira Lukla hiria bitarteko kilometroak, munduko aireportu arriskutsuenen artean dagoen Tenzing-Hillaryraino (2.860 metro), eta bertatik hasi base kanpalekurainoko ibilbidea. Nepalgo Gobernuak, baina, bertaraino errepide bat egin eta Namche Bazaareraino (3.440 metro) igoko zaituen teleferiko bat eraikiko du.
Everesteko gailurra harrapatzea ez da gauza erreza. Ezta base kanpalekura iristea ere. Gaur egun, mendi artean dagoen eta munduko arriskutsuenen artean izendatuta dagoen Tenzing-Hillary aireportua da sarrerako atea. Lukla hirian, 2.860 metrotara, abiatzen da astebete inguruko ibilbidea base kanpalekuraino. Orain, Nepalgo Gobernuak bertaraino errepide bat eraman nahi du.
Khari Kholaraino (2.100 metro) iristen da errepidea gaur egun eta Gobernuaren helburua Chaurikharkaraino luzatzea da, Luklatik hiru bat kilometrotara. 2020ko uztailean amaituta egotea aurreikusten dute. Hori bai, ezingo da edozein kotxe bertaratu. Bi autobus geltoki izanen dira Khari Kholan eta bertatik soilik ibilgailu elektrioak pasa ahalko dira.
Tenzing-Hillaryko aireportuan hegaldiak eguraldiaren baldintza txarrak direla-eta atzeratu edo bertan behera geratzea ohikoa da. 25 minutuko hegaldi horrek 180 euroko prezioa izan ohi du. «Turistek eta Nepal bertakoek bitan pentsatzen dute Everesteko eskualdera bidaiatu aurretik», adierazi dute Gobernutik. Hala ere, gogora ekarri behar dira aurten bertan munduko mendi altuenaren gailurra zapaltzeko ilaren irudiek izan zuten oihartzuna.
Era berean, Chaurikharkan teleferiko bat eraikiko dute, 3.440 metrotan dagoen Namche Bazaareraino igotzeko. Bertan bizi dira sherpa edo mendi gida gehienak.
Gobernuaren hitzetan, iaz 56.303 atzerritar gerturatu ziren mendietara eta errepidearen eraikuntzarekin 500.000ra iristea dute jomuga. Gehiegizko turismoaren aurkako ahotsak ere hasi dira indarra hartzen Nepalen.