INFO

IRPHaren kaltetuak, EBko abokatu nagusiaren iritziarekin baikor

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak asteartean emango du IRPH indizearen inguruan duen iritziaren berri. Honen erabakiaren bide beretik jo ohi dute EBko Justizia Auzitegiko epaiek. IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak helarazitako oharretan jasotzen den legez, nahiko baikor dago Gipuzkoako kaltetuen plataforma Estatu espainoleko bankuen argudio nagusiak baliogabetu dituen txosten bat argitaratu berri duelako Europako Batzordeak.


Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak IRPH indizearen inguruko bere jarrera ezagutaraziko du datorren asteartean, hilaren 10ean. Hasiera batean ekainaren 24an jakinarazi behar zuen bere jarrera, baina maiatzean helarazitako ohar batean hitzordu berria zehaztu zuen EBko epaitegiak.

Honen epaia, hain zuzen ere, abokatu nagusiaren iritzia ezagutu ondoren aterako da. Hipoteka maileguen erreferentzia indizeak (IRPH) kaltetutakoen Gipuzkoako elkarteak gogoratu legez, epai gehienak abokatuaren bide beretik joan ohi dira.

Bi hilabete pasatxoko atzerapen hau ez zuten begi onez ikusi kaltetuek, «abusuzko indize honen biktima diren milaka familien sufrimendua» luzatu egin baita. Ez dakite zenbat familia kaltetu dituen indize honek, zeinak Euriborrari loturiko maileguak baino garestiagoak ziren hileroko kuotak ezartzen zituen.

Dena den, uztaileko ohar batean onartu zuten baikor daudela. «Europako Batzordeak eta Europako Banku Zentralak IRPHa baliogabetzen duen epai bat posible ikusten dute», azaldu zuen IRPH Stop elkarteak. Bi nazioarteko erakunde hauen elkarlanaren ondotik ateratako txostenean ondorioztatzen da Estatu espainoleko banku sektoreak errentagarritasun, likidezia eta kapitalizazio onak dituela. Hortaz, modu batean, baliogabetu egiten du Gobernu espainolak IRPHa defendatzeko erabili duen argudio nagusia.

Madril, bankuen alde

Bi aldeen artean –kaltetuak eta bankuak– ikusmin handia dago astearteko erabakiarekin, IRPHaren klausulak baliogabetuz gero banketxeek kaltetuei itzuli beharreko dirutza milaka milioi eurokoa izango delako.

Hipoteken erreferentzia indizearen ondorioz kalteturiko mailegu kopuru zehatzaren datu ofizialik ez dago, baina Gipuzkoako elkarteak egindako kalkulua 1,3 milioikoa da. Publikoa den datua, ordea, indize honi esker banketxeek lortzen duten bolumena da. Plataformak zehaztu zuen Estatuko bost banketxeren artean 16.530 milioi euro pilatzen dituztela gehiegizko tasa honi esker.

IRPH Stop Gipuzkoako elkarteak ohartarazi du –«ezin ahaztu daiteke» adierazi zuen– Estatu espainolak Europako Auzitegiaren aurrean bere burua aurkeztu duela banketxeen alde egiteko, «eta erabili dituen argudioen artean dago IRPH indizea baliogabetzeak izango lukeen ustezko eragina».

Kaltetuen elkarteak nabarmendu zuen, ordea, Europako Batzordearen txostenak ez duela esaten indize honen baliogabetzeak sistema finantzario espainolaren egonkortasuna arriskuan jarriko lukeenik, baizik eta banku batzuen errentagarritasunean eragingo lukeela; arriskua, beraz, «kaltetutako banku batzuetara mugatzen du azken txosten horrek».

Tasa hauei esker diru gehien pilatzen dituzten bankuen artean Caixabank dago zerrendaren buruan, 6.700 milioi eurorekin; Santander (4.300 euro), BBVA (3.100 euro), Bankia (1.600 euro) eta Sabadellek (830 milioi euro) jarraitzen diote.

IRPH Stop plataformak, aldiz, beste datu bat ere gaineratu nahi izan zuen, Euskal Herriko banku bati zuzenean eragiten diolako. Kutxabank da indize hau gehien aplikatu duen banketxeetako bat, bosgarren postuan, hain zuzen ere: 2018ko ekitaldi bukaeran 1.235 milioi zituen IRPHari loturiko maileguetan. Honek banketxeen aktiboan duen pisu erlatiboa kontuan hartzen badugu, «Kutxabank da Estatuko bankurik inplikatuena; bere kapitalaren %2,27 IRPH maileguak dira».

Urte bukaeran edo 2020an

Bankuek indize honi eman dioten erabilerarekin jarraituz, 2013tik IRPHari buruzko sententzia gehien eman diren bigarren erkidegoa da EAE (%22), Kataluniaren atzetik (%30). Nafarroan epaien %1 eman da. Sententzia guztien %80, gainera, bost bankuen artean pilatzen dira: Caixabank (%24), Santander (%24), Kutxabank (%18), BBVA (%10) eta Catalunya Caixa (%4).

Auzitegi Nagusiak helarazitako azken epaia 2017an eman zen, Kutxabanken aldekoa; IRPHaren erabilera gardena izan dela eta ez dela gehiegizkoa zehaztu zuen. Hala ere, azken erabakia Europar Batasuneko Justizia Auzitegiarena izango da; eta urte honen bukaeran edo 2020 hasieran jakinaraziko du.