INFO

Irati Goikoetxeak irabazi du 2019ko Igartza Saria

Arratsaldean izango da sari banaketa Beasainen. Idazle gazteei bultzada emateko beka honi esker bere proiektua, ‘Herriak ez du barkatuko’ deitutakoa, garatu ahal izango du. Urtebeteko epea izango du Irati Goikoetxeak bere eleberria idazteko, eta 2021eko hasieran aurkeztuko dute lana. 

Goikoetxeak ‘Andraizea’ ipuin bilduma eman zuen 2014an. (Jon URBE| FOKU)

Beasaingo Udalak, Elkar argitaletxeak eta CAF enpresak hogeita bi urtez antolatu dute Igartza Saria euskarazko idazle berriei bultzada bat emateko asmoz. Aurtengo irabazlea, Irati Goikoetxea, denbora horretan garaile atera den lehen beasaindarra da, eta albistea pozez hartu du Aitor Aldasoro alkateak.

Goikoetxeak ‘Herriak ez du barkatuko’ proiektua aurkeztu zuen lehiaketara, eta epaimanahiak jasotako 15 lanen artean onena hori zela ebatzi zuen. Jorratuko duen gaia erabakigarria izan da, bizikidetza kokatzen baitu erdigunean. Orain, urtebete izango du 35 urteko idazleak eleberria idazteko. 

Beasaingoa izanik, beti gertutik ikusi du lehiaketa, baina era berean urruti sentitu du erronka bat bezala ikusten zuelako. Kontatu nahi zuen istorio bat zuen, eta aurten bertan parte hartzeko adin mugara heldu denez, parte hartzeko azken aukera ikusita, izena ematea erabaki zuen. Hala, Oihana pertsonaia sortu du, 22 urte zituela aita galdu zuena, ETAk tiro batez hilda. 5 urteko alabak egiten dizkion galderek barruan zerbait piztuko diote, eta minaren inguruan gogoeta egiten hasiko da. 

«Nire etorkizuneko eleberria terrorismoak eta indarkeriak sortutako minaz eta sufrimenduaz hitz egiten du. Min humanoaz, alderik gabekoa. Norberaren minari eta bestearen minari erreparatzen jarriko ditut pertsonaiak, minari erreparatu gabe ezinezkoa delako mina erreparatzea», esan du idazleak gaur goizean egindako prentsaurrekoan. 

Bere xedea pertsonaiak euren artean harremanetan jartzea da, elkarri entzutea eta enpatiarako eta bizikidetzarako pausoak ematea, baina relatoak berak esango digu ea lortzen duten. «Akaso bide horretan ez dira aldi berean iritsiko». 

Proiektuaren izenburuari dagokionez, esan du bere intentzioa dela mantentzea, Igartza Saria jasotzen duten askok eleberriari aurreikusitako ez beste izen bat jartzen dioten arren. «‘Herriak ez du barkatuko’ kaleetan irakurri dugun esaldia da, niri ezinegona eta haserrea sortu didana. Etorkizuneko belaunaldiek ez digute barkatuko modu kolektiboan bizikidetzaren alde ezer egin ez izana. Denok dugu ardura hori», adierazi du. 

Gaur 19.00etan Beasainen egingo dute sari banaketa ekitaldia, Igartza jauregian.