INFO

«Txiki», Otaegi eta gainerako borrokalari antifaxistak oroitu dituzte Zarauzko hilerrian

Jon Paredes Manot 'Txiki' gogoratu du gaur Ahaztuak 1936-1977 elkarteak Zarauzko hilerrian antolatu duen ekitaldian; 1975ko irailaren 27an afusilatu zuten Angel Otaegirekin batera. Borrokalari antifaxistak eta erregimen frankistaren biktimak gogoan izan dituzte.

Zarauzko ekitaldia. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Jendetza bildu da Zarauzko hilerrian, beste behin ere, hil zituzten egunean Jon Paredes Manot 'Txiki' eta Angel Otaegi oroitzeko. Gudari Egunaren harrira, gogoan izan dituzte borrokalari antifaxistak eta erregimen frankistak eragindako biktimak. Ahaztuak 1936-1977 elkarteak antolatutako ekitaldian ez da aurten egon Antonia Manot, 'Txiki'ren ama, osasun arazoak tarteko.

Martxelo Alvarez Ahaztuak 1936-1977 elkarteko kideak gidatu du gaurko ekitaldia, eta 'Txikiren' iloba Eider Paredesek Agurra dantzatu du hilobiaren aurrean. Amaitzeko, bildutakoek ‘‘Eusko Gudariak’’ abestu dute. ‘‘Urola Kosta Hitza’’k argitaratu duenez, hilerrian Zarauzko EAJ, EH Bildu eta Ahal Dugu-Equo Berdeak udal taldeetako ordezkariak egon dira, baina Sortuko idazkari nagusia Arkaitz Rodriguez.

Rodriguez (Sortu): Egia eta ardurak

Rodriguezek adierazpenak egin ditu komunikabideen aurrean ekitaldiaren aurretik, euskal gizarteak bakea nahi duela nabarmenduz. Azaldu duenez, bake hori lortzeko egia osoaren ezagutza ezinbestekoa da, bai eta biktima guztien errekonozimendua eta erreparazioa ere. Halaber, «bakeak eskatzen du, nola ez, preso politiko guztien kaleratzea eta Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidearen aitortza. Azken batean, helburua da iraganean gertutako hori berriro ez gertatzea».

Horrekin batera, alderdi batzuek ezarri nahi duten «onen eta txarren kontaera» salatu du Rodriguezek. «Memoria kriminalizatu nahi dute», ondorioztatu du. Ezker abertzaleak jada beraren erantzukizuna aitortu duela erantsi du.

Gogora ekarri duenez, eskuineko alderdiek, ordea, ez dute bere gain hartu Francoren diktaduran izandako erantzukizuna, eta PSOEk ez du bere gain hartu gatazkan izandako ardura, GAL auzian esaterako.  «Ez eta EAJk Ertzaintzari egozten zaizkion tortura kasuengatik edo PSOErekin batera dispertsio politika diseinatzeagatik», gaineratu du. Mezu bat helarazi die: «Har dezatela beraien erantzukizunaren partea»