INFO

Antoni Muntadasen lanari begirada analitikoa zuzendu dio Artiumek bere erakusketa berrian

Artista katalanak Euskal Herrian egiten duen lehen erakusketa da ‘Muntadas. Elkarrekiko loturak, interconexiones, inteconnessioni’, zeinak hogei artelan inguru biltzen dituen.

‘On translation - el aplauso’ izena daraman bideo instalakuntza. (ARTIUM)

Artium Arte Garaikidearen Euskal Museoak ‘Muntadas. Elkarrekiko loturak, interconexiones, interconnessioni’ erakusketa aurkeztu du. Erakusketak Antoni Muntadasen lanaren ikuspegi analitiko eta zeharrekoa eskaintzen du, 70eko hamarkadan hasi eta gaur arte.

Proiektu horietan botere eta kontrol mekanismoen inguruko gogoeta, edo espazio publiko eta pribatuaren arteko harremana agertzen dira maiz. Hogei bat lanek osatzen dute erakusketa, argazki, bideo, instalazio eta bideo-instalazioen artean.

Gainera, Museoko Liburutegian espazio bat eratu da artistaren azken hiru proiektu handiei buruzko informazioarekin. Antoni Muntadasek, gainera, ‘On translation: Warning’ obraren eguneratze bat egin du, pankarta erraldoi formatuan, museoaren ekialdeko fatxadan.

Erakusketa hau Antoni Muntadasi (1942) Euskal Herrian eskaintzen zaion lehendabiziko erakusketa da. Muntadasek, 2005ean Arte Plastikoen Sari Nazionala eta 2009an Velazquez Saria irabazteaz gain, arte garaikidearen nazioarteko hitzordu garrantzitsu guztietan parte hartu du, eta Veneziako Biennaleko Estatu espainoleko pabiloiko ordezkarietako bat izan zen 2005ean.

Erakusketaren izenburuaren jatorria Mark Wigley-ren esaldi bat da. Hark horrela definitzen du artista: «Hiri bat da, pertsona bat baino gehiago, elkartrukerako eremu-sare bat, luzaro abian dagoena, norbanako bat baino gehiago».

Hala, Artiumeko erakusketak ez du hainbeste artistaren lanaren atzera begirako ikuspegi bat eskaintzen, begirada analitiko eta zeharkako bat baizik, 1970eko hamarkadaren hasieratik gaur egunera artekoa. Esate baterako, erakusketan loturak egin dira haren diziplina arteko ikerketan behin eta berriz agertzen diren gaien artean, haren proposamen ospetsuenetako batzuk hautatuz.

‘Muntadas Elkarrekiko loturak, interconexión, interconnessioni’-ren komisarioak Cecilia Guidak eta Fito Rodriguez izan dira, eta Artiumek eta Bolognako MAMbo Museoak ekoitzi dute elkarrekin. 2020ko urtarrilaren 12ra arte izango da ikusgai Gasteizko zentruko Iparra aretoan.