INFO

Hatzen artetik egin dio ihes garaipenak RPK Araskiri (61-59)

Neurketa guztian aurretik joan ondoren, hiru segundoren faltan Cadi La Seu taldeko Georgina Bahiren hiruko batek zapuztu du gasteiztarren ahalegina. Araskik 15 puntuko aldeari hanka egiten utzi dio.

Zorte onak bizkar eman dio Araskiri, eta Maria Asurmendiri batik bat, nahiz eta porrotik ez merezi izan. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Saskibaloia krudela izan da RPK Araskirekin. 39 minutu eta 57 segundotan markagailuan aurretik joan ondoren, nola hondarra haten artetik halaxe joan zaio garaipena Cadi La Seu-ren etxean. Georgina Bahi pibot kataluniarrak hiru segundoren faltan sartu duen hirukoak 61-59 atzetik laga du talde gasteiztarra, eta azkenengo jokaldian Maria Asurmendi iruindarrak ezin izan du berdinketa erdietsi. Azken minutu erdi malapartatu baten erruz, eskuetan zuen garaipenak hanka egin du; izan ere, 58-59 aurretik zela Maria Asurmendik baloia galdu du modu ulergaitzean urratsak egin baititu.

«Egindako lanaz oso harro nago, nahiz eta galdu», esan du RPK Araskiko Tania Perez hegalekoak. Perez berak aurreneko laurdenean sarturiko hirukoei esker aurrea hartu dute Madelen Urietak zuzenduriko neskek, Cadi La Seuk jokoaren martxa hartzen zuen bitartean. Lehenengo laurdena 15-21 amaitu ostean, atsedenaldira sei puntuko alde horri eutsi dio talde arabarrak, 29-35, La Seu d'Urgelleko kantxa Emakumeen Saskibaloi Ligako zailenetako bat izanagatik.

Partida hirugarren laurdenaren hasieran haustea lortu du ia Araskik. Tamara Seda pibotaren lanari esker, 2-11ko partziala erdietsi dute Madelen Urietarenek eta 31-46 aurreratu dira. Alabaina, kataluniarren artean Tinara Moore pibota esnatu egin da, eta aurreneko 20 minutuetan egin ez duen guztia hirugarren laurdenean lortu du egitea; 15-4ko partzial baten buruzagi izan da pibot estatubatuarra eta, hala, azken laurdenera bizirik iritsi da Cadi La Seu: 46-50.

Azken hamar minutuetan dena izan da urduritasuna eta hutsegitea. Gasteiztarrek, hankasartzeak hankasartze, aurretik eutsi diote eta Tamara Sedaren lanari esker 55-58 iritsi dira azken minutura. Georgina Bahi pibot beteranoan 58nakoa sartu du hiruko bati esker, baina hurrengo jokaldian Laura Quevedo arabarren hegalekoak bi jaurtiketa libre atera dizkie aurkariei. Bakarra sartu duen arren, errebotea Araskiren alde erori da. Orduan okertu da guztia Araskirentzat: Asurmendiren urratsak –garbi askoak, kontzentrazioa galdu baitu–, Bahiren bigarren hirukoa eta Asurmendik etsi etsian egindako jaurtiketa ezin sartua. Ez du halako zigorrik merezi izan Araskik, baina jokoak sarritan ez du bihotzik.

IDK Gipuzkoaren porrota

Bestetik, IDK Gipuzkoak Al-Qazeresen aurka ezin izan du denboraldiko aurreneko garaipena pilatu, 59-55 galdu dute-eta ostiral gaueko neurketan. Azu Muguruzarenek ederki asko ekin diote neurketari aurreneko laurdenean, 12-25 aurreratuta. Ariel Edwards eta Laura Garcia izan dira donostiarren agintari aurreneko munutu horietan, eta bigarren laurdenaren hasierarekin, alderik handiena eskuratu dute gipuzkoarrek, 18-32 ezarri ondoren markagailuan. Alabaina, hurrengo hiru laurdenak galdu dituzte Azu Muguruzarenek, ezin izan baitiote beren buruari ezarritako erritmoari eutsi. Hau da, Al-Qazeresek defentsan aurrera pausoa eman du eta IDK Gipuzkoa ez da defentsaren gogortasun berri hortara moldatzeko gai izan.

Joan den astean Gernika Bizkaiaren aurka gertatu moduan, Jeannie Simms pibotak egundoko buruko minak sortarazi ditu atsedenaldiaz geroztik. Hirugarren laurdenean oraindik ere IDK Gipuzkoa kapaz izan da tarteka markagailuan buru izaten jarraitzeko, baina azken minutuetan Extremadurakoek aurrea hartu eta 59-52 jarri dira. Donostiarrek azken ahalegina egin dute, baina ez dira 59-55etik pasa. Hala, aurreneko bi jardunaldien ostean 0-2ko balantzea pilatu dute Azu Muguruzarenek.

Bestetik, Emakumeen Ligako bigarren jardunaldia igande eguerdian amaituko da euskal taldeentzat. Zaragozan jarraituko du Lointek Gernika Bizkaiak, bertoko Mann Filterren aurka jokatuko duelako, eguerdiko 12.15etan. Aragoiko taldeak Emakumeen Ligari hasiera eskasa eman zion joan zen asteburuan, Perfumerias Avenida ahalguztidunaren aurka 74-45 galdu baitzuen. Jipoi galanta jaso arren, Zaragozako taldeak badu jokalari onik bere baitan; hala nola, Kamile Nacickaite, Aina Ayuso, Araskiko jokalari ohi Umi Diallo edo Cierra Dillard.

Bizkaitarrek, bere aldetik, aste lasaia eraman dute. Mario Lopezenek aste osoa erabili ahal izan dute Blake Dietrick taldekideen jokora ohitzen joateko eta horrez gain Itziar Ariztimuño antolatzailea ere puntuan jarri da.