ETS, Zetak, Arkada Social eta Maider Zabalegi Plateruenan arituko dira Durangoko Azokan
En Tol Sarmientok, Zetak taldeak, Arkada Socialek eta Maider Zabalegik osatuko dute Plateruena kafe antzokiko gaueko kontzertuen egitaraua Durangoko Azokan zehar. Abenduaren 5etik 8ra luzatuko da aurtengo edizioa.
Durangoko Azokak Plateruenan antolatuko dituen kontzertuen berri eman du. Aurtengo azkoa abenduak 5etik 8ra ospatuko da, eta tarte horretarako kontzertu handiak prestatu dituzte Landako gunearen ondoan dagoen kafe antzokian. Oholtzara igoko diren taldeak En Tol Sarmiento, Zetak, Arkada Social eta Maider Zabalegi izango dira, musika estilo desbedinak jorratuko dituztenak.
Lehenengo gaua ETS (En Tol Sarmiento) taldearekin hasiko da, 23:00etatik aurrera. Talde arabarrak bere seigarren diskoaren aurkezpena egingo du Plateruenan, uda honetan Euskal Herria zeharkatu ostean ‘Zein erraza’ birarekin. Sarrerak aldez aurretik 8 eurotan izango dira salgai, eta txarteldegian egunean bertan 10 eurotan.
Bigarren egunean misterioz jositako kontzertua izango dugu. 23:00etatik aurrera, Pello Reparazek bere proiektu berria aurkeztuko du, Zetak. Momentuz talde berriak abesti bi eman ditu ezagutzera, ‘Errepideak’ eta ‘Pater Noster’, bideoklip eta guzti, eta arrakasta itzela lortu du. Azaroaren 27an aurkeztuko dituzte talde berri honen nondik norakoak; ordura arte itxaron beharko dugu jakiteko zertan datzan prestatu duten proiektu berria. Sarrerak 12 eurotan erosi ahal izango dira aldez aurretik, eta 15 eurotan txarteldegian.
Abenduaren 7an ibilbide luzeko talde bat igoko da Plateruenako eszenatokira: Arkada Social. Talde arrasatearra buru-belarri ari da azokarako disko berria prestatzen, euren diskografiako seigarrena, oraindik abesti berririk zabaldu ez duten arren. Sarrerak 10 eurotan erosi ahal izango dira aldez aurretik, 13 euro bertan.
Azken egunean Maider Zabalegi abeslariaren disko berriarekin Plateruenak. 20:00etatik aurrera, ‘Zabalegik Bidean’ diskoa aurkeztuko du. Alaitz eta Maider bikotean ezagun egin eta gero, Maider Zabalegik bakarka atera duen bigarren lana izango da honakoa. Sarrera debalde izango da.