INFO

Parisko Auzitegiak baldintzapeko askatasuna ukatu dio Lorentxa Beyrie presoari

Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak ezarritako helegitearen alde eta hemezortzi urte espetxean daraman Kanboko presoaren baldintzapeko askatasunaren kontra agertu da Parisko Zigorrak Betetzeko Auzitegia. «Reintzidentzia arriskua» dagoela dio epaileak.

Lorentxa Beyrieren askatasuna eskatzeko uztailean Kanbon egin zen elkarretaratzea. (Guillaume FAUVEAU)

«ETA berriz piztuko balitz, Lorentxa berriz engaiatuko litzatekeela dio epaileak, hori da baldintzapeko askatasuna ukatzeko eman duten arrazoi nagusia», azaldu du Amaia Beyrie Kanboko presoaren ahizpak. Beraz, urriaren 8an Xistor Haranbururen baldintzapeko askatasuna ukatzeko erabili zuten argudio bera erabili dute Kanboko presoarekin. Epailearen argudioek «ez hanka ez bururik» ez dutenez, «halakoak entzun beharra emotiboki oso gogorra» dela adierazi du Amaia Beyriek.

William Bourdon abokatuak «erabaki absurdoa eta ulergaitza» dela esan du, bere iritziz, Beyriek baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aurkeztu zuen txostena «ereduzkoa» baitzen. Bourdonek jakinarazi duenez, ez dute helegiterik jarriko, ondorioz, afera judizial hau hemen amaituko da eta ez du Kasazio Epaitegirako bidea hartuko.

Uztailaren 18an, baldintza zorrotzekin baina aske uztearen alde agertu zen Zigorrak Betetzeko Auzitegia, ordea, biharamunean helegitea jarri zuen Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak, eta ondorioz, Kanbotik 683 kilometrora dagoen Roanneko espetxean atxiki zuten preso lapurtarra. 

Espetxealdi luzea

Lorentxa Beyrie 2001eko abenduan atxilotu zuen Polizia frantsesak eta 27 urteko espetxe ezarri zioten. Zigorra osorik beteta, 2021eko urrian geratu beharko litzateke aske, jada hemezortzi urte espetxean daraman 44 urteko presoak, baina duela zenbait urtetik baldintzapeko askatasuna eskatzeko eskubidea du.

Guztira baldintzapean aske geratzeko hiru eskari egin ditu Beyriek. 2013 eta 2016an, ezezko borobila jaso zuten baldintzapeko askatasun eskaerek, baina azken saiakera ontzat eman zuen Zigorrak Betetzeko Auzitegiak. Pultsera elektroniko batekin eta baldintza zorrotzekin hemezortzi hilabeterako espetxetik ateratzeko baimena emateko prest zegoen epailea, baina prokuradoreak helegitea jarri zuen eta Kanboko presoaren kaleratzea ekidin zuen.

Gaurkoan beraz, Kanboko presoa baldintzapean aske uzten zuen edo, fiskaltzak eskatu moduan, Beyrie espetxean mantentzen zuen erabaki behar zuen Zigorrak Betetzeko Auzitegiak, eta bistan denez, Terrorismoaren kontrako Fiskaltzarekin bat eginez, preso lapurtarra espetxean atxikitzeko hautua egin du.