INFO

EH Bildu: «Boto abertzale, subiranista eta ezkertiar bat bera ere ezin da etxean geratu»

Madrilen «dagokigun erabakitzeko eskubidea defendatzeko konpromisoa» azaldu du Gipuzkoan EH Bilduk duen zerrendaburu Mertxe Aizpuruak. «Ezin gara despistatu, datorren igandean boto abertzale, subiranista eta ezkertiar bat bera ere ezin da etxean geratu, bat bera ere ez», gehitu du Maddalen Iriartek. 

Mertxe Aizpurua eta Maddalen Iriarte, Bergarako ekitaldian. (Juanan RUIZ / FOKU)

Gipuzkoako zerrendaburu Mertxe Aizpuruak «herri bezala dagokigun erabakitzeko eskubide demokratikoa Madrilen defendatzeko konpromisoa» hartu du gaur Bergaran EH Bilduren izenean. Era berean, bermatu egin du «EH Bilduk ez duela erabakitzeko eskubidearen aldeko testu bat onartuko instituzio batean eta handik bi egunetara eduki ia berdina daukan beste testu bat kritikatu, eraikitzailea ez dela esanez».

Hori dela-eta, Aizpuruak galdera zuzena egin die EAJ eta Elkarrekin Podemosi: «Modu argian eta alderdi interesei erreparatu gabe defendatuko duzue Madrilen Euskal Herriari dagokion erabakitzeko eskubide demokratikoa?».

Horrelako «diskurtso anbiguoak alde batera utzita», Gipuzkoako zerrendaburuak ohoretzat jo du Llotja del Marreko adierazpenaren sinatze ekitaldian EH Bildu ordezkatu izana, eta azpimarratu du bertan jasotako gutxieneko programa izango dela «Madrilen egingo dugun jardunaren ardatza». Hau da, «autodeterminazio eskubidearen defentsa, preso politikoen askatasuna aldarrikatzea eta politika sozial aurrerakoiak bultzatzea».

«Autodeterminazio eskubidea gure herriak demokratizatzeko tresna eraginkorrena» dela azaldu du Aizpuruak. EH Bilduren hautagaiak salatu duenez, baina, «Espainiar Estatuak ez dauka zerikusirik Erresuma Batua eta Kanada bezalako herrialde aurreratuekin. Ez digu erabakitzen uzten eta horretarako gelditzen zaion tresna bakarra erabiltzen du: indarra eta errepresioa, justizia estamentuak baliatuta. Guk, ordea, jendarte aurreratua eraiki nahi dugu, erabat demokratikoa, herritarrak zaindu eta babestuko dituena, baina gero eta argiago dago herri eta jendarte aurreratuez guk dugun ikuspegia eta espainiar Estatuak daukana gero eta aldenduago daudela».

Iriarte: «Bel Pozueta eta Iñaki Ruiz de Pinedo Madrilera eramatea lortu behar dugu»

Aizpuruarekin batera aritu da Bergaran Maddalen Iriarte ere, eta Gasteizko Legebiltzarreko bozeramaileak boto ematera dei egin die ezkerreko abertzale eta subiranista guztiei, «gure herriaren etorkizuna jokoan dagoelako». Azaldu duenez, «EH Bildun ondo eta indartsu gaude eta esku-eskura daukagu emaitza ona lortzea», baina ezinbestekoa da «sentsazio on horiek datorren igandean boto bihurtzea». Beraz, azpimarratu du, «ezin gara despistatu, datorren igandean boto abertzale, subiranista eta ezkertiar bat bera ere ezin da etxean geratu, bat bera ere ez».

Izan ere, «bi pertsona zoragarri, herri honen izaera ondo baino hobeto ordezkatzen dutenak Madrilera bidali edo ez dago jokoan; Bel Pozueta eta Iñaki Ruiz de Pinedo Madrilera eramatea lortu behar dugu, eta lortuko dugu. Nafarroako eta Arabako demokrata eta aurrerakoi guztiek jakin behar dute zer dagoen jokoan eta beren botoa horren arabera erabakitzeko gonbita egiten diet».