INFO

Santi Brouard oroitu dute Gasteizko Legebiltzarrean, osoko bilkura hasi aurretik

Gasteizko Legebiltzarreko osoko bilkura hasi aurretik Santi Brouard ezker abertzaleko buruzagi eta HBko parlamentari izan zena oroitu dute minutu bateko isilunearekin. Atzo 35 urte bete ziren Estatuaren mertzenarioek tiroz hil zutela.

Santi Brouarden argazkia eta suontzia ezarri dituzte Legebiltzarraren kanpoaldean dagoen oroitarrian. (@ehbildu_legebiltzar)

Gasteizko Legebiltzarrak ohiko osoko bilkura du gaur eta hasi aurretik minutu bateko isilunea egin dute talde guztietako parlamentariek Santi Brouard HBko parlamentari izan zenaren omenez, Estatuaren mertzenarioek hil zuten 35. urteurrenean. Isiluneak iraun duen bitartean Ganberako pantaila guztietan ezker abertzaleko buruzagiaren irudia erakutsi dute.

Horrekin batera, Legebiltzarraren sarrera nagusiaren ondoan «terrorismoaren» biktimen omenez dagoen oroitarriaren alboan suontzi bat eta Brouarden argazki bat paratu dituzte parlamentariek.

Parlamentuak 2014ko otsailean erabaki zuen atentatuan hil zituzten ganbera horretako lau ordezkariak oroitzea: Fernando Buesa eta Enrique Casas PSEko kideak, Gregorio Ordoñez PPkoa eta Santi Brouard bera. Ordutik, urtero egiten diete omenaldia, hil zituzten datatik gertuen egiten den osoko bilkuran.

Brouard atzo 35 urte hil zuten tiroz Bilbon zuen bere mediku kontsultan. Urtero legez, Ametzola parkean ekitaldia egin zuten atzo senide eta lagunek, Egiari Zor fundazioak deituta. Hainbat alderdi eta erakundetako ordezkariak ere izan ziren. Ondoren, Errekaldera jo zuten eta han Josu Muguruza HBko diputatua oroitu zuten, bere heriotzaren 30. urteurrenean. Hura ere mertzenarioen balek hil zuten.

Arratsaldean, Sortuk deituta, manifestazio jendetsua egin zuten Bilbon.