INFO

Kontinentearen eskuinerako pausoa egiaztatu dezakete Uruguaiko bozek

Ezkerreko Fronte Zabaleko Daniel Martinez eta eskuineko Alderdi Nazionaleko Luis Lacalle lehiatuko dira gaur Uruguaiko presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian. Eskuina Lacalleren alde mobilizatu da, hamabost urteko ezkerreko zikloarekin amai dezakeela konbentzituta. Inkestek oso posible jotzen dute eskuinak irabaztea.

Argentinak ezkerrera jo ondoren, Uruguaik eskuinera jo dezake biharko bozetan. (AFP)

Argentinak ezkerrera jo ondoren, eskuinera egingo al du Uruguaik? Latinoamerikako ezkerreko ziklo aurrerazalearen gotorleku hamabost urtez izan den herrialde txikiak neoliberalismorantz bolante kolpea emango al du? Hori dena ikuskizun dago gaurko presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian, Daniel Martinez eta bere ezkerreko Fronte Zabala aliantzaren eta Luis Lacalle Pou eta bere eskuineko Alderdi Nazionalaren arteko lehian.

Analistek lehia oso estua aurreikusten dute, baina inkestek –eta apustu-etxeek– Lacalle eskuindarra jotzen dute faborito. Nahiz eta lehen itzulian Martinezek ia 11 puntuko aldea atera zion Lacalleri –%392 eta %28'6 hurrenez hurren–, Alderdi Nazionaleko buruak lehen itzulian kanporatuta geratu ziren bi hautagairen –Colorado Alderdiko Ernesto Talvi (%13) eta Cabildo Abiertoko Guido Manini Rios (%10)– babes publikoa jaso du. Eta eskuinaren boto-emaileen mobilizazioa baieztatzen bada, litekeena da 2005. urtetik Uruguain agindu duen ezkerreko aliantzak boterea galtzea.

Eztabaidaren markoa

Fronte Zabala boterean egon den azken hamabost urteotako lorpenak ukaezinak diren arren –milaka herritar atera dira pobreziatik eta pentsiodunen saria %60 igo da besteak beste–, eskuinak asmatu egin du beste gai batzuk eztabaidaren erdigunean kokatzen. Bi, hain zuzen ere: segurtasuna –heriotza bortitzak %45 igo dira– eta eskola porrota. Iritzi publikoan errotu egin dira kezkok, Fronte Zabalak ezin dituela konpondu ere bai neurri batean eta, hala, Lacallle alternatiba serio gisa herriratzen asmatu du eskuinak.

Uruguaik ez dauka ekonomia osasuntsua, ezta Nobel saridunik ere. Baina bai demokrazia sendoa, Latinoamerikako sendoena eta mundu mailan aurreratuenetakoa. Gaurko bozetan gertatzen dena gertatuta ere, trantsizio baketsu eta zibilizatua espero da.