INFO

Durangoko azokan, egile kutunaren sinaduraren bila

Idazle, musikari eta sortzaile ugari gerturatu da gaur bere lanak sinatzera baina, hortik harago, jarraitzaileekin hitz batzuk trukatzeko parada da. Ez da maiz izaten gustoko egilea bertatik bertara, gertutik, ezagutzeko aukera eta hortxe ematen dira une politak.

Karmele Jaio idazlea ‘Aitaren etxea’ lanarekin itzuli da. (Marisol RAMIREZ I FOKU)

Bere egile gustokoena non eta zein ordutan zegoen ondo ikasia zeramaten gaur zaleek, liburu zein disko bat erostea beti baita gauza ederra; baina are ederragoa barruan mezu pertsonal bat badarama. Postuz postu ibili da NAIZ goizean Landako gunean, eta lan eta lan topatu ditu Harkaitz Cano eta Iñaki Holgado ilustratzailea, Karmele Jaio, Izaro, Mikel Urdangarin eta Kirmen Uribe, besteak beste.

Aintzane gernikarra da baina Oñatin bizi da. Goiz pasa gerturatu da seme-alabekin, hauei kulturaren kontsumoa sustatzera bai, baina Jaio idazlea «bisitatzera» ere bai. «Lagun batek utzi zidan orain gutxi Karmele Jaioren ‘Ez naiz ni’ eta egia esan izugarri disfrutatu dut irakurraldiarekin. Horregatik etorri naiz zuzenean beregana, bere azken eleberriaren bila», kontatu digu zale honek.

Alboan zuen idazle gasteiztarra, ‘Aitaren etxea’ liburuaren aleak bata bestearen atzetik sinatzen. Marimar, Juani, Ander, Aintzane bera eta Erminia izan dira, besteak beste, hurbildu zaizkionak. Pozez hartu ditu. «Zuzeneko harremana irakurlearekin ezinbestekoa da, oso aukera gutxi izaten ditugu-eta beraien ahotik iritziak eta inpresioak entzuteko. Momentu hauek oso aberasgarriak dira guretzat», aitortu du.

Ilarak ere Ibon Martin eta ‘Isiltasunaren itsasargia’ eta ‘La danza de los tulipanes’ aleekin, eta zer esanik ez Toti Martinez de Lezearenean. Literaturan ez ezik, gero eta espazio handiagoa duen komigintzan ere jende jarioa ikusi dugu. Halaxe izan da ‘Amets alokatuak’ lanarekin. Harkaitz Canoren letrak eta Iñaki Holgadoren marrazkiak dituen komiki honek bereganatu du arreta. Hortxe ezagutu dugu Javi, komikizalea eta Canoren letren jarraitzailea. «Euskara ondo ulertzen dut baina ez dut oso ondo hitzegiten, komikien bidez aurkitu det hobetzeko modua. Banekin hemen egongo zirela aleak sinatzen eta lanera joan aurretik ez nuen aukera galdu nahi», kontatu du.

Liburuetatik diskoetara. Mikel Urdangarin ‘Hotza da NY is cold’ biniloarekin gerturatu da Landakora, berezia zeren 1.000 ale baino ez dira editatu eta Internet bidez eta Durangoko Azokan baino ez da egongo eskuragarri. «Jendeak gauza ederrak baino ez dizkigu helarazi, oso esker onekoa da entzulea», aipatu du. Metro gutxira zuen Izaro abeslaria, datorren urtarrilaren 31ean kaleratuko du azken lana eta dagoeneko aurreratu ditu bi kantu: ‘Invierno a la vista’, gazteleraz, eta ‘Paris’, euskaraz. «Uste dut limoi guztiei zukua atera diedala eta disko honen ostean atseden bat hartuko dut, gertatzen ari denaz gozatu nahi dut», aurreratu du.

Jarraitzaile batek ‘Om’ lanaren biniloa erosi eta Kursaaleko kontzertuagatik galdetu dio. Mugitu beharko du datorren martxoaren 22an Donostian ikusi nahi badu, antza denez «sarrera gutxi» gelditzen baitira salgai, Izarok berak azaldu duenez.