Baso ilun batean
Testu batean barneratzen naiz baso ilun batean sartuko banintz bezala, linterna eskuan, zer aurkituko dudan jakin gabe. Sorkuntza prozesua beti da deskubrimendu bat niretzat.
Liburuak idazteko modu asko daude. Idatzi daiteke, adibidez, burua erantzunez beteta. Horrela idazten duten idazleek lehen lerroa idatzi baino lehen argi izaten dute zer esan nahi duten, nola esango duten, idazlanaren gidoia prest izaten dute… Guzti hori dutenean, hasten dira idazten; edo guzti hori izan arte, ezin dute idatzi. Idatzi daiteke, bestalde, burua galderaz beteta. Horrela idazten dutenek sorkuntza prozesuan bertan bilatzen dituzte erantzunak.
Bigarren taldekoa naiz ni. Liburu bat idazten hastea niretzat ilun dagoen espazio batean sartzea da. Orain arte idatzi ditudan nobeletan, ipuinetan…ez dut inoiz oso argi izan hasieratik zer kontatu nahi nuen. (“Aurretik zer esan nahi dudan jakinez gero, zertarako idatzi liburu bat?” galdera buruan baneuka bezala). Intuizio moduko bati jarraitu diot beti, esku artean gidoi baten ordez irudi bat edo jakin-min handi bat izan ditut.
Rafael Chirbesen aipua da: «Jeneralean, itsu-itsuan idazten da. Nire liburuetako batean ere ez dut jakin oso argi zertaz idazten ari nintzen idatzi bitartean, ia bukatu arte. Idaztea tunel ilun baten barrena zulo bat egiten joatea da. Gauzak esan ahala ezagutzen dut esan behar dudana». Beste hau Paul Austerrena: «Nire liburu guztiak dira zailak idazten. Mantso eta minez idazten dut. Eta ez naiz egitura batetik abiatzen. Liburuak berak aurkitzen nau ni. Irudi bat sortzen da nire buruan eta poliki-poliki inguratu egiten nau, eta ez dut beste erremediorik hura besarkatu baino».
Irudi bat. Horixe bera izaten dut nik askotan, besterik ez, nobela bat edo ipuin bat idatzi baino lehen. “Amaren eskuak” nobela idazten hasi nintzenean, adibidez, hasieran irudi hau baino ez nuen: Amaren eskua izararen gainean, eta alaba esku haiei begira, zain, zainek zeharkatutako esku haiek zerbait esango diotela espero balu bezala. Horra hor nobela idazten hasi nintzenean neukan material bakarra. Noski, nire barnean bazeuden nik oraindik ezagutzen ez nituen esanahi asko, idazketa prozesuak berak askatu zituenak. Eta “Musika airean” nobela idazten hasi nintzenean ere, irudi bat nuen bakarrik, eta buruan nuen irudi hura deskribatzen hasi zen sorkuntza prozesua: Leihotik begira zegoen adineko emakume bat, etxean, bere bakardadean. “Aitaren etxea” nire azken nobela idazten hasi nintzenean ere, irudi batek inguratu ninduen: gizon bat, kafetera elektriko bati begira, sukalde berrian tresna hura elementu zaharkitua dela pentsatuz; haren tanta-jario geldoari begira, bera ere sustantzia galtzen ari dela sentituz. Irudi bat agertzen zait, icebergaren punta balitz bezala, eta sorkuntza prozesuan bilatzen dut ur azpian dagoena.
«Nobelak soilik deskriba dezakeena deskubritzen saiatzea da nobelaren eginkizun bakarra». Herman Broch idazleak esana da. Eta iruditzen zait ondo laburbiltzen duela ideia bat: emaitza batzuk sorkuntza prozesuaren bitartez bakarrik azaleratu daitezkeela. Idazleak, azken finean, idazten du zerbait esan nahi duelako, eta badakielako zerbait hori sorkuntzaren bitartez bakarrik sortuko dela. Sorkuntza prozesurik gabe, ez litzatekeela inoiz existituko. Idaztea, zentzu horretan, beste modu batez nekez deskubrituko genituzkeenak aurkitzeko modua da.
Hasieran behintzat, beraz, gidoirik gabe idazten dut. Ume baten antzera botatzen dut buruan dudana, idazten ari naizen horrek izango dituen ondorioei gehiegi erreparatu gabe eta irekiko dituen bideez gehiegi pentsatu gabe. Eta brastakoan botatako horien ondoren, bigarren fasea dator, pertsona heldua agertzen da, eta umeak gelatik barreiatuta utzi dituen guztiak jasotzen eta ordenatzen hasten da. Hor dator zentzuen, gidoien, eskemen eta egituren txanda. Hor dator etengabeko zuzenketa. Idaztea zerbait bada, etengabe zuzentzea baita.
Eta idatzi bitartean, kezka asko buruan. Kontuan hartu beharreko elementu asko. Konplexutasuna azaltzeko erronka, adibidez. Munduarena eta bertan bizi diren pertsonena. Alice Munrok dio interesgarria izateko, ideia batek konplexutasun moralen bat izan behar duela, ertz bat baino gehiago. Eta Milan Kunderaren arabera «nobela batek erakusten dizu mundua zuk uste baino konplikatuagoa» dela. Erronka handia da mundu eta pertsonaia planoetatik ihes egitea eta haien konplexutasuna azaltzea. Pertsonaien kontraesanak, adibidez. Ezinbestekoak iruditzen zaizkit pertsonaiek bolumena izan dezaten eta sinesgarriak izan daitezen. Nire lehen liburuetatik azkenekora, garrantzi handiagoa eman diot pertsonaien kontraesanak erakusteari. Azken liburuan, bereziki.
Mugimendua da beste kezka bat. Nola egin etengabe mugimenduan dagoen mundu bat testu batean errepresentatzeko? Nobela bat, ipuin bat ez dira argazkiak. Zerbait mugitu behar da, zerbait aldatu behar da, transformazio bat egon behar da hasieratik bukaeraraino. Pertsonaien eboluzioa deskribatzeak mugimendu hori irudikatzen laguntzen dit, pertsonaiek bidean ikasten edo desikasten dutena. Toni Morrisen dio: «Nire liburuen bukaeran, pertsonaiek hasieran ez zuten jakituria dute. Argitasun izpi bat jasotzen dute istorioan zehar». Zerbait aldatu beharra dago hasieratik bukaerara. Errebelazio handi edo txiki bat gertatu behar da pertsonaien bizitzetan, eta, ondorioz, idazlearen eta irakurlearen bizitzetan baita ere.
Zehaztasuna, konkretua izatea. Horra hor beste kezka bat. Literaturak ideia abstraktuak oso modu konkretuan adierazten ditu. Horrela egin behar du deskribatzen ari denaren bisualizazioaren mesedetan. Hitzak mugatuak dira. Ez dute soinurik, ez dute usainik… Guk elementu mugatu horrekin lortu behar dugu irakurleak zerbait usaintzea, entzutea... Nola? Abstraktutik ahalik eta konkretuenera igaroz. Kontatzetik erakustera pasatuz. Carson McCullersen esanetan, «nobela on batzuk telefono zenbaki bat bezain zehatzak dira».
Batasuna. Dena dago harilkatua, elementu guztiak interkonektatuta eta denak zerbaiten zerbitzura. Testu idealean hitz bakoitzak funtzio bat betetzen du, eta elementu bat aldatuz gero, zerbait mugituz gero, dena mugitzen da.
Norberaren eskua gehiegi ez ikustea. Horra idatzi bitartean buruan bueltaka izaten dudan beste kezka bat. Izan ere, iruditzen zait idazleak leiho garbitzailearen funtzioa bete behar duela. Irakurlearen aurrean jartzen duen leihoa ahalik eta garbien utzi behar du, irakurleak leihoaren beste aldean dagoena ahalik eta argien ikus dezan. Baina irakurleak ez du inoiz ikusi behar leiho garbitzailearen eskua. Irakurleak ez du idazlearen eskua ikusi behar, idazleak garbitutako leihoaren bestaldean dagoena ahalik eta modu zehatz eta argienean baizik.
Hasieran esan dut idazteko modu asko daudela, burua galderaz beteta idatzi daitekeela edo burua erantzunez beteta, adibidez. Beste klasifikazio bat ere bururatzen zait: etxeko egongela erakusten duten idazleak eta etxeko ganbara erakusten dutenak. Egongelan dena dago prest bisitariei harrera egiteko. Geure buruaz eskaini nahi dugun irudia dago islatuta, atrezzo bat. Ganbaran, aldiz, ezkutatuta ditugun gauzak aurkitu ditzakegu, desordenatuta daudenak, asko eta asko ahaztuta dauzkagunak.
Irakurle bezala, pertsonaien ganbara erakusten didaten idazlanak gustatzen zaizkit, gure ahuldadeak eta kontradikzioak agerian uzten dituztenak; irakurtzean atximurka egiten diguten horiek. Idaztean ere, saiatzen naiz pertsonaien ganbara erakusten. Barruan ezkutatzen duten hori. Esan gabeko hitz horiek guztiak.