INFO

Jurgi Ekizak ere ‘564’ abestia kantatuko du gabon gauean

Pixkanaka gero eta musikari gehiago ari dira batzen euskal presoen eskubideen aldeko mugimendu honekin. Helburua espetxeetara elkartasuna helaraztea da. Hertzainak taldearen ‘564’ abestia hainbat herriko plazetan zabalduko dute Ohe Hutsak ekimenarekin bat eginez.

Jurgi Ekiza Patxi Amulet eta Xabi Etcheberrirekin arituko da. (NAIZ)

Jurgi Ekiza musikaria Baionan izango da abenduaren 24an ‘564’ Hertzainak taldearen kanta abesten. Josu Zabalak iragarri zuen egun horretan bertan kanta hori eskainiko duela Otxandioko plazan «euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen alde», eta orain Willis Drummonden abeslariak ere Ohe Hutsak ekimenarekin bat egin nahi izan du.

Ekiza Patxa plazan izango da, 18.00etan, eta nahi duenari bertaratzeko deia luzatu die txio baten bidez. «Denak ongietorriak zizte gurekin kantatzeko, eguberriko kartzelan daudenek opari hau eta maitasun piskat jaso dezaten», adierazi du kantariak.

Era berean, iragarri du Begiz Begi taldeko kideak diren Patxi Amulet eta Xabi Etcheberry kideekin arituko dela egun berezi horretan.

Beraiek bezala, Eñaut Elorrieta eta Gatibu taldeko Haimar Arejita Gernikan eta Maider Zabalegi Oiartzunen izango dira gabon gauean. Zazkel taldea, berriz, abenduaren 30ean, Bilboko plaza Barrian izango da. Gero eta gehiago dira presoen aldeko mugimendu honekin bat egiten ari diren musikariak.