Espetxe politikaren lau ondorio larri irudikatuko ditu Iruñeko manifestazioak, larunbatean
Gabonetarako ekimenak abiatuko ditu Sarek larunbat honetan, Zaballako espetxearen aurrean goizean eta Iruñeko kaleetan arratsaldean. Espetxe politikaren lau ondorio zehatz salatuko ditu bertan, lau ekimenen bidez ibilbidean zehar.
Euskal presoek zein senideek jasaten dituzten eskubide bortxaketak Gabonetan bereziki gogoan, eta bide batez urtarrilaren 11eko mobilizazio handietarako motorrak berotzeko, mobilizazioak deitu ditu Sarek hurrengo hamar egunetarako Hego Euskal Herriko lau hiriburutuetan. Lehenak larunbat honetan izango dira, Gasteiz ondoan zein Iruñean.
Goizean Zaballako hormatzarreraino hurbilduko dira presoei elkartasuna adierazteko. Eta 18.00etan, autobus geltoki zaharretik abiatuta, manifestazioa egingo da Iruñean. Astebete beranduago helduko da Donostia zein Bilboren txanda. Hau guztia, ‘‘Atera bidera, presoak etxera!’’ leloarekin. Etxarri-Aranatzen ere mobilizazioa igarria da hilaren 27rako, gaixorik diren presoak gogoan, eta batez ere herrikidea den Jon Gurutz Maiza gogoan hartuz.
Iruñeko mobilizazioari buruz nondik norako batzuk aurreratu ditu asteazken honetan Sarek. Lau gune berezi izango ditu: «Vianako Printzearen plazan Nafarroako presoen senide eta lagunei data berezi hauetan keinu bat egingo diegu eta ondoren manifestaziora batuko dira. Merindadeen Plazan performance baten bidez urrunketaren ondorio diren kotxe istripuak irudikatuko dira. Karlos III. etorbidean (Entzierroaren Oroitarriaren ondoan) larriki gaixo dauden presoen egoera salatuko da. Eta Txapitela kalearen hasieran espetxean dauden emakumeek bizi duten muturreko egoera salatuko da».
Datu batzuk ere jakitera eman dituzte, Nafarroako presoei buruzkoak: egun 36 dira, hauetatik %80 lehen graduan da, 35 urrunduak, 4k gaixotasun larria dute, 4 emakumezkoak dira eta 11 dira motxiladun umeen aita edo ama. «Urte luze hauetan bi izan dira urrunketak eragindako biktimak: Sara Fernandez eta Karmele Solaguren», ekarri du gogora Sarek.