INFO

Kulturaren pisua handitu egin da Ipar Euskal Herrian azken hamar urteotan

Baionan Euskal Kultur Erakundeko eta Lakuako Gobernuko ordezkariek ostegun goiz honetan eman duten prentsaurrekoan Ipar Euskal Herrian kultur eremuan dagoen parte-hartzearen datuak eman dituzte ezagutzera. Kultur sormenak eta kontsumoak gora egin dute azken hamar urteotan, bereziki antzerkia, dantza eta kontzertuetan.

Joxean Muñoz eta Pantxoa Etchegoin Baionako agerraldian. (euskaldi.eus)

Joxean Muñoz Lakuako Gobernuko Kulturako sailburuordeak eta Pantxoa Etchegoin Euskal Kultur Erakundearen zuzendariak goizean egin duten agerraldian Ipar Euskal Herriko kultur kontsumo eta parte-hartzearen inguruko azken datuak aurkeztu dituzte.

Kulturaren Euskal Behatokiak lehen inkesta 2008an egin zuen, eta bigarrena iaz, 10 urte beranduago, agerraldian datu berriak ematearekin batera konparaketa ere egin dute. Aldi berean, hemendik goiti inkesta bost urtero egiteko asmoa agertu dute.

Aurreko astean aurkeztu ziren Euskal Autonomia Erkidegoko datuek erakusten duten bezala, Ipar Euskal Herrian ere gorakada bereziki antzerkia (%15,8tik %45,7ra), dantza (%10etik %50era) eta musika zuzeneko emanaldietan eman da (%29,3tik %61,5era), baita zineman (%54,1etik %71,4) eta museoetan ere (%23,8tik %50,3era).

Euskaraz sortutako kultura

Euskarazko kultur kontsumoari dagokionez ere, parte hartzeak gora egin du, eta gorakada nabarmenena bertsolaritzaren eremuan eman da (%4tik %11,3ra), horren karietara Etchegoinek bertso eskolen garrantzia azpimarratu du. Musika da nabarmen, biztanleria osoaren artean kontsumo gehien duena (%64,5a).

Euskal hiztunen artean dagoen euskarazko kultur parte-hartzeri begiratuta, antzerkiak izan du gorakada nagusia, (%22,6tik %38,9ra), bertsolaritzak gero (%8tik %24ra), eta hirugarren nabarmenena musika (%87,3tik %94ra). Irakurketak aldiz pixka bat egin du behera (%27,7tik %26,5era).

Gorakada orokor honen arrazoi nagusitzat produktu kulturaletan eman den kalitatearen gorakada azpimarratu du Muñozek: «Euskal sorkuntzaren kalitatea nabarmen igo egin da, esparru ezberdinetan, bai Iparraldean baita Hegoaldean».

Beherakada aldiz kultur elkarteetan ematen den parte-hartzean ikusi da nabarmen, lehen biztanleriaren %34,5ek hartzen bazuen parte, orain %25,4k besterik ez du egiten.

Elkarte mailan ez bezala, norbanakoen sorkuntzaren bilakaera positiboa izan da amateur mailan. Horrela, arte plastikoen praktikek gora egin dute nabarmen (%4,6tik %11,3ra), idazketak (%5etik %9,1era), baita argazkiak (%8,4tik %10,8ra) eta bideoak (%2,3tik %10,8ra) egitea.

Kulturarekiko jarrerari begiratuta, joera positiboa agertzen da, 1etik 10erako eskala batean, 7,5eko garrantzia ematen baitiote kultur parte-hartzeari. Euskal Herri mailan, bataz bestekoa 7,37koa da.

Interneteko kultur erabilpenari buruz, Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %77,9ak egiten du erregularki. Horien artean erabilpen nagusiak dira: %67,7k, musika, zinema, liburu… buruzko informazioa bilatzea, %65,4ak albisteak ezagutzea, %64,8a musika entzutea eta %60.5 wikiak kontsultatzea.

15 urtetik gora

Inkesta 15 urtetik gorako jendearen artean egin dute, eta horrek eragina izan du Ipar Euskal Herrian, euskaldunen kopuruaren beherako joerari haur eta gaztetxoen ezagutzaren bitartez egin baitzaio aurre azken urteotan, baina belaunaldi berri horren parte handi bat oraindik ez da egindako ikerketaren baitan kokatzen.

Orotara 6.300 pertsona elkarrizketatu dituzte, eta Ipar Euskal Herrian 1.150 lagun izan dira, hiru lurraldeetan.

Bi erakundeen arteko elkarlana goraipatu dute hizlariek, eta Muñozek Ipar Euskal Herriko datuak ezagutzeko EKE beharrezko partaidea dela oroitarazi du. Gogora ekarri du Kulturaren Euskal Behatokiak Euskal Herri osoan egin duela inkesta, «euskararen komunitatearen ikuspegi zabala eskaini nahi dugulako».