Madrilgo parlamentariekin elkarrizketa erronda hasiko duela iragarri du Sarek
Madrilgo talde parlamentarioekin erronda bat hasiko du Sarek presoen egoeraren berri emateko eta Parlamentu espainiarrean egungo egoerari amaiera emateko bideak zabaltzeko. Horrela adierazi dute Sareren izenean Joseba Azkarraga eta Arantza Aldezabaleak atzoko manifestazioaren ondoren Bilbon egin dituzten adierazpenetan.
Presoen alde milaka lagun bildu zituen manifestazioaren balorazioa egiteko agerraldia egin dute gaur Bilbon Joseba Azkarraga eta Arantza Aldezabalek, Madrilera begira jarri direlarik. «Gobernu eta parlamentu berri baten osaketak helburu bikoitza dakarkigu; batetik, gizarteari aktibatu eta aldarrikapenak kaleratzeko etengabe egiten diogun deia egiten jarraitzea, eta, bestetik, Estatuko erakundeekin eta berau osatzen duten alderdiekin komunikatzeko bideak irekitzen jarraitzeko beharra», adierazi dute.
Gauzak horrela, datozen hilabeteotan Madrilgo talde parlamentarioekin –«prest dauden guztiekin»– elkarrizketa erronda bati ekingo diotela aurrratu dute. «Horiei euskal presoen egoerari buruzko txosten zehatza emango diegu, administrazioaren jarrerak presoen eskubideen urraketan gehien eragiten duten datuak batuz. Eta Madrileko Gorteak diren esparru politiko horretatik egoera larri horri amaiera emateko duten aukeraren baitan eragiteko eskatuko diegu», azaldu dute.
Duela bi urte ere antzeko ekimen bat burutu zutela gogoratu dute. «Gure helburua Madrilen ordezkaritza duten alderdiak informatu ahal izatea da, baina baita jarrera pro-aktibo bat eskatzea ere, giza eskubideek, esparru horretan, ahaztutako zerbait izateari utz diezaioten, eta alderdi eta talde parlamentarioen agendetan sar dadin», esan dute.
Nazioarteko eremua alboratu gabe
Honekin batera, nazioarteko eremua ez dutela alboratuko nabarmendu dute Sareko eledunek. «Gure nahia da ere presoek bizi duten egoera nazioartera helarazten jarraitzea, orain dela gutxi NBEren aurrean egin dugun bezala. Garrantzitsutzat jotzen dugu egoera hau nazioartera zabaltzea, eta horregatik aztertzen ari gara, beste instantzia batzuekin batera, batez ere esparru akademikoan, Nazioarteko Kongresu bat antolatzea, non gatazken konponbidean, hala nola, konfrontazio bortitzeko egoeratik bakerako egoerara igarotzen prozesuetan adituak diren kideek gure egoerari buruz hausnartzeko aukera izango duten», azaldu dute.
«Oraindik, konpondu gabeko gatazka baten aurrean gaude, eta hala izaten jarraituko du indarkerien biktima direnei eman beharreko tratuari dagokionean, hala nola, euskal presoen egoerari eman beharreko irtenbideari dagokionean akordio handi bat lortzen ez den bitartean», laburbildu dute.