INFO

Zamudioko Roxall enpresako langileek greba bukatu dute, enpresa hitzarmena lortuta

Zamudioko Roxall enpresako langileek bukatutzat eman dute greba mugagabea, lehen enpresa hitzarmena sinatu ondoren.

Roxall enpresako langileak beraien lehenengo greba egunean. (ELA)

Zamudioko Roxall enpresako langileek eta zuzendaritzak urtarrilaren 15ean sinatu zuten hilaren 2tik aurrera burutzen ari ziren greba mugagabea eteteko akordioa, ELAk jakinarazi duenez. Enpresako lehenengo hitzarmena erdietsi dute konpainia farmazeutikoan.

Greba mugagabea urtarrilaren 2an hasi bazuten ere, abenduan ekin zieten mobilizazioei, bederatzi eguneko greba batekin. «Langileek, nahiko gazteak eta prekarioak, txertoak ekoizteari uztea eta kalera ateratzea erabaki zuten abenduaren 3an. Izan ere, enpresaren zuzendaritzak, langileen eskariak asetzeko eta lan baldintzak hobetzeko irtenbideak bilatzeko saiakerarik ez egiteaz gain, mespretxuz tratazen zuen bai plantila baita komitea ere», azaldu du ELAk.

Horren ondotik, urtarrilean greba mugagabea hasi zuten eta negoziazioen ondoren enpresa batzordeak eta zuzendaritzak enpresako lehenengo hitzarmena barneratzen zuen «greba amaierako akordioa» izenpetu zuten.

Hitzarmenak ultraaktibitate eta inaplikazio klausulak jasotzen ditu, «enpresak unilateralki aplikatzeari utzi ez diezaion».

Edukiei dagokienez, soldaten igoera «dezenteak» (1.500 euro + KPI urte honetan eta 1.800 + KPI 2021erako), urteko lanaldiaren murrizketa 17 ordutan, orain arte ez zegoen aintzinatasun plusa, balizko kontratuen eta bekadun eta praktiketako kontratuen erabilera mugatzea, udan lanaldi jarraia eta ostiraletako arratsaldea libre izatea jasotzen ditu, besteak beste, ELAren arabera.

Horrekin batera, etorkizuneko kontratazio berriei begira eta soldata eskala bikoitzak saihesteko soldata taula berriak adostu dituzte, Kimika alorreko «hitzarmen estatalaren eredua gaindituz».