1.200 enpresaren babesarekin, greba harrera «handia eta anitza» izaten ari dela esan du LABek
LAB sindikatuak adierazi duenez, grebarako bederatzi egunen faltan, oraindik enpresa gehiago batuko dira urtarrilaren 30eko grebara. Momentuz, 1.200ek eman diote atxikimendua lanuzteari.
LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta sindikatuko Komunikazio arduradun Maider Jauregik agerraldia egin dute astearte honetan urtarrilaren 30eko Greba Orokorrari begira sindikatua egiten ari den lanaren berri emateko. Nabarmendu dutenez, parte hartzea eta jasotako atxikimendu kopurua «handia eta anitza» izaten ari da. «Langile klasearen batasuna berrosatzen ari da», adierazi du Garbiñe Aranburuk.
Urtarrilaren 30eko grebarako 170 batzorde sortu direla jakinarazi du LABek, «beste greba deialdietan baino gehiago», eta 1.200 enpresak baino gehiagok eman diote atxikimendua. Azpimarratu dutenez, arlo izaera anitzetako enpresak adierazi dute babesa, arlo publiko zein pribatukoak; hezkuntza, garraio eta bestelako sektoretakoak, zein sektore feminizatuak. Tartean dira CAF, Bidelan, Azkoyen edo Bilboko Metroa, kasurako. «Gero eta gehiago gara borrokaren balioan sinesten dugunak», esan du sindikatuko idazkari nagusiak.
Garbiñe Aranbururen hitzetan, «bederatzi egun falta dira grebarako, eta baldintzak daude are eta jende gehiago batzeko oraindik». Hala, gogora ekarri du greba «mobilizazio sozial indartsu baten ondoren» datorrela, «bizitza duinagoa posible egingo duen ereduaren defentsan egindakoa». «Kolektibotasunean, langileen batasunean sinesten dugu. Balio honetan egin dugu bat», agertu du.
Bestalde, «kapitalaren interesak defendatzen dituztenen aldetik» –patronalaren, EAJ eta Podemos Euskadi gisako «hainbat alderdi politikoren» eta sindikatu batzuen partetik, zehaztu du– izandako Greba Orokorra indargabetzeko saiakerak ere salatu ditu. Hauek erakutsitako «urduritasuna eta ezinegona bide egokian gaudenaren seinale» direla berretsi du.