INFO

Hego Euskal Herriko Hezkuntza Publikoko gehiengo sindikalak bat egin du 30eko greba orokorrarekin

Hego Euskal Herriko hezkuntza publikoko gehiengo sindikalak bat egin du urtarrilaren 30eko greba orokorraren deialdiarekin. «Batetik, pentsioena denon afera delako, eta bestetik, lan baldintza duinen aldeko borroka zein kalitatezko zerbitzu publikoena eta bereziki hezkuntza publikoaren garapena ezinbesteko erronka dugulako».

Hilaren 30eko greba deitu duten sindikatuek deialdia erregistratu zuten Bilbon. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Hego Euskal Herriko hezkuntza publikoko gehiengo sindikalak bat egin du urtarrilaren 30eko greba orokorraren deialdiarekin. «Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eginiko greba orokorraren deialdia dela eta, EAEko Hezkuntza Publikoan ia %90eko ordezkaritzaz gehiengo sindikala osatzen dugun LAB, Steilas eta ELA sindikatuok ere bat egiten dugu lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko aldarriarekin», adierazi dute aipatutako sindikatuak komunikabideei bidalitako ohar batean.

Nafarroako Hezkuntza Publikoan ere LAB, ELA eta Steilasen aldeko bozka eta Afapnaren abstentzioarekin aurrera atera da Irakasle Batzordean 30ean izango den grebarako atxikipena. «Hori dela eta, Hego Euskal Herriko hezkuntza sistemako sektore guztietako langileei grebara batu, beraren arrazoien difusioan aktiboak izan eta greba-dinamika zein honen inguruko mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diegu», adierazi dute.

«Batetik, pentsioena denon afera delako, oraingo pentsiodunena nahiz etorkizunekoena. Bestetik, ondo dakigun bezala, lan baldintza duinen aldeko borroka zein kalitatezko zerbitzu publikoena eta bereziki hezkuntza publikoaren garapena ezinbesteko erronka dugulako, eta, azkenik, eskubide sozialak bermatu behar direlako. Horregatik, grebari gure atxikimendua emanez, azken urteetako erreformak eta murrizketak atzean utzi eta soldata zein pentsio duinak, kalitatezko enplegua eta eskubide sozialak hemen erabakitzea exijitzen dugu», nabarmendu dute datorren astean greban parte hartuko duten sindikatuek.