Vila-realek urteurreneko ospakizuna zapuztu dio Alavesi (1-2)
Hamar minuturen faltan berdinketa lortu du Alavesek Vila-realen aurka baina neurketaren hondarrean 1-2koa egin dute kanpokoek. Baccak ireki du markagailuan hamargarren minutuan eta Joseluk berdintzea lortu badu ere, Fer Niñok 99. urteurreneko ospakizuna zapuztu dio klub babazorroari. [Partidako xehetasunak]
Neurketa baten kronika hasterakoan, ezinbestez, emaitza hartzen da kontuan. Emaitzaren araberakoa da kontakizuna eta beraz, gaurkoan kontakizuna ezin daiteke alaia izan. Alavesek ezin izan du punturik eskuratu azken minutuan jaso duen gol baten ondorioz. Sentsazio positiboak utzi dituzte Garitanoren jokalariek, berdintzea ere lortu dute hamaika aukera eta gero, baina azken minutuan Fer Niño adi aritu da 1-2koa jartzeko.
Baccak 0-1ekoa egin aurretik ere, 10. minutuan, aukera paregabea eduki du Alavesek, kontraeraso bikain batean. Guztizko bikaintasuna lortzeko, aldiz, ez dute ondo neurtu jokoz kanpoko muga eta epaileak Riojaren gola baliogabetu du. Kontraerasoan izan ditu aukerarik onenak Alavesek.
Hiru pasetan eraiki du gola Callejaren taldeak. Albiolek jokoa ireki du Moi Gomezen hegalera, honek erdiraketa neurtua jarri dio Baccari eta kolonbiarrak, zuzeneko errematearekin, Pacheco gainditu du.
Kolpe latza izan da, txukun hasi baitu neurketa etxeko taldeak. Kostatu zaio erreakzionatzea baina Lucas Perezen mugimenduei esker, aurkitu dituzte hutsuneak Vila-realeko defentsan. Joseluk gogor jaurti du area ertzetik eta zutoinetik hurbil joan da kanpora. Asenjo ere adi egon da Aleix Vidalen jaurtiketa batean. Vidalen neurketa baloratzea izango zen baloia galtzen zuen bakoitzean amore emango ez bazuen. Horrelako ekintzak dira Alaveseko zaletuek baloratzen dituztenak.
Riojak 49. minutuan, Vila-realen korner baten ondotik eginiko lasterkaldiak, esaterako, txalo zaparrada jaso du, baloia galtzera behartu baitu arerioa. Xehetasunak dira, txikiak, txikiegiak agian, baina babazorroek hauek dituzte gogoko. Golez gain, noski. Baina gaurkoan ez dute gola topatu.
Saiatu dira, gogotik. Bigarren zatiko helburu argiena izan da baina, era berean, hutsuneak oparitu diote kontrarasoan abila den Vila-real bati. Chukwuezek hiru jaurtiketa saiakera izan ditu bigarren zatiko aurreneko lau minututan.
Honen arrazoietako bat izan daiteke Vidalek jokatzerako orduan izan duen askatasuna. Askatasuna izan du bi aurrelarien atzetik jokatzeko edo hegal baten zein bestean aritzeko. Hegalean, baina, atzean laguntzea ahaztu zaio eta, batez ere, Martin Agirregabiriak asko sufritu du.
Neurketa irekia
Garitanok erdialdean jendea pilatu nahi izan du Vidalen leku aldaketarekin eta berak izan du bigarren zatiko aukerarik argiena, Perez eta Camarasaren jokaldi on baten. Asenjok ederki erantzun dio banakoa saihestuz. Era berean, kanpoko atzelariak ere adi egon dira Vidalen erdiraketa arriskutsu bat kanporateko.
Banako berdinketa Asenjok Manu Garciari zapuztu dion bezala, 0-2koa Pachecok ekidin du Chukwuezerekin izan duen aurrez aurrekoan. Neurketa irekia izan da oso, lehen zati zein bigarrena, zaletuen gozamenerako. Alavesek ez du gaizki jokatu, atea aurrean asmatzea falta izan zaio. Asko bultzatu behar izan dute zaletuek beraien oparia eskuratzeko. 70. minututik aurrera baloiaren jabe izan da Gasteizko taldea, baina aukera argiagoak egitea falta izan zaio.
Ekinez bidea egiten dela esaten da eta ekin du Alavesek. Azkenean, 80. minutuan Joseluk egin du berdinketaren gola. Puntua ontzat eman zitekeen aurrean izan duen arerioaren maila kontuan hartuz gero. Sentsazioak ere ez dira eskasak izan baina ezin izan dio bolada onari jarraipena eman Fer Niñoren erruz. Luzapenean aukera argia ere izan dute gasteiztarrek baina baloiak ez du sarean sartu nahi izan. Levanten ate aurrean asmatu zuten bezala, gaur ez da hala izan.
Sailkapenean atzetik dauden taldeen emaitzak jakitea faltako zaio 99. urteurrenaren ospakizuna gazi gozoa izan den baloratzeko edo gazitik gehiago duen jakiteko.